Ignarro, Louis
Estatubatuar farmakologoa (Brooklyn, New York, 1941). Farmazia ikasi zuen Columbiako Unibertsitatean 1962-1966 bitartean eta farmakologia, gero, Minnesotako Unibertsitatean. 1979-1985 bitartean irakasle izan zen Tulane Unibertsitateko Medikuntza Eskolako farmakologia sailean, New Orleansen, eta 1985ean Los Angelesko Unibertsitateko Medikuntza Eskolan, sail berean. Ignarrok EDRF-ren (endotelioan sortutako lasaitasun faktorearen) izaera kimikoa aurkitzeko egin ziren ikerketetan parte hartu zuen, analisi bikainak egin zituen eta 1986an, –Robert Furchgottekin batera, baina bakoitzak bere aldetik–, ondorioztatu zuen EDRF nitrogeno oxidoa (NO) dela. 1996an Furchgottek eta Ignarrok batera eman zuten hitzaldiaren ondoren, beren ondorioek mundu osoko laborategietan ikerketa ugari eragin zituzten. Horrela sortu zen gas batek organismoan seinale molekular gisa jardun dezakeelako lehen egiaztapena. Sari ugari jaso ditu; 1998an Medikuntza eta Fisiologiako Nobel saria jaso zuen Robert F. Furchgottekin eta Ferid Muradekin batera, sistema kardiobaskularrean nitrogeno oxidoak seinale molekularraren lana egiten duela aurkitu izanagatik.