Iglesia De la, Alex
Bizkaitar zinemagilea (Bilbo, 1965). Deustuko Unibertsitatean filosofia ikasketak egin zituen eta, zinemagintzan murgildu aurretik, hainbat fanzine eta komiki argitaratu zituen. Mirindas asesinas (1990) film laburrak izan zuen arraskastaren ondoren El Deseo-k –Pedro Almodóvarren ekoiztetxeak– finantzatu zion lehenengo film luzea: Acción mutante (1992). El día de la bestia (1995) umore beltzezko filmarekin irabazi zuen ospea, eta harekin hasi zuen Andrés Vicente Gómez ekoizle espainarrarekin elkarlana. Espainiako Zinema Akademiak sei Goya sari eman zizkion. Perdita Durango (1997) filmak Estatu Batuetan lan egiteko aukera eman zion, Rosy Pérez bezalako Hollywoodeko antzezleekin. Muertos de risa (1999) filmarekin telebistaren munduari kritika garratza egin zion. La comunidad filmean (2000), bizilagunen arteko harreman zailak islatzen saiatu zen, berezkoa duen ikuspuntu kritiko eta ironikoaz. Film honek hiru Goya sari eskuratu zituen 2001. urtean, nahiz eta ez lortu film onenari eta zuzendari onenari emandakoak. Urte berean, hala ere, film onenari emandako Fotogramas saria lortu zuen Alex de la Iglesiaren La Comunidadek.