Huston, John
Estatu Batuetako zinema zuzendaria (Missouri, 1906 - Newport, Ingalaterra, 1987). Walter Huston zinema antzezlearen semea zen. Pintorea izan zen, kazetari lanetan aritu zen, eta jokalari profesionala izan zen antzerkian eta zineman aritzeaz gainera; gidoiak ere idatzi zituen. Dashiell Hammett-en polizi eleberrian oinarri hartuta zuzendu zuen bere lehen filma, The Maltese Falcon (1941). Bigarren Mundu Gerran zenbait lan egin zuen armadarako, gehienak debekatuak izan zirenak: Report from the Aleutians (1943), The Battle of San Pietro (1945) eta Let There Be Light (1946). Gerra ostean, zinemaren historian betiko geratu diren filmak egin zituen: The Treasure of the Sierra Madre (1947), Key Largo (1948), The Asphalt Jungle (1950), The Red Bandage of Courage (1951), Moby Dick (1956). 1950 ondoko urteetan egin zituen filmak eskasak izan ziren; izanez ere, 1980. urtean argitara eman zituen oroitzapenetan aitortu zuenez, dirua irabazi nahiak bultzatu zuen film horiek, eta beste batzuk, egitera; nolanahi ere, The African Queen (1952) eta Heaven Knows, Mr. Allison (1957), amodiozko istorioak kontagai dituzten film bikainak garai horretakoak dira. Arthur Miller-ek bere emazte Marilyn Monroe-rentzat idatzi zuen The Misfits (1961) filmaren porrotaren ondoren, pelikula onak eta dirua irabazteko beste asmorik gabe egindakoak tartekatzen dira Huston-en lanean. 1960-1980 bitarteko urteetako filmik onenen artean, aipatzekoak dira: Freud, the Secret Passion (1962), The Night of the Iguana (1964), Tennessee Williams-en antzerki lanean oinarritua, Reflections in a Golden Eye (1967), Carson Mc Cullers-en eleberriaren bertsioa, The Kremlin Letter (1970), Fat City (1972), The Mackintosh Man (1973), The Man Who Would Be King (1975, R. Kipling-en kontakizun baten bertsioa) eta Wise Blood (1979). 1980tik aurrera sei film egin zituen; lehenengo hiruak dirua irabazi nahiak egin zituen, baina gainerakoak film bikainak dira, berritzaileak: Under the Volcano (1984, M. Lowry-ren izen bereko nobelan oinarritua), Prizzi’s Honor (1985), eta The Dead (1987), James Joyce-ren Dubliners ipuinaren egokitzapena. Azken bi horietan Hustonen alaba Anjelica, hau ere zinemako profesionala, izan zen protagonista.