Huston, Anjelica
Estatubatuar antzezlea (Los Angeles, Kalifornia, 1952). John Huston zinema zuzendariaren alaba. Bere aitak zuzendutako Amodioan eta heriotzean zeharreko pasiera izan zen bere lehen filma. 1973an Jack Nicholson ezagutu zuen, eta berehala elkarrekin bizitzea erabaki zuten. 1981ean bere adiskide John Foremak ekoizleak Izotzetako piratak filmerako kontratatu zuen. Auto istripu bat izan ondoren, Jack Nicholsonengandik banatzea erabaki zuen eta Broadwayko antzerki konpainia baten eskaintza onarturik, Estatu Batuetan zehar ibili zen jiran. 1985ean bere aitaren Prizzitarren ohorea filmean parte hartu zuen Jack Nicholson lagun zuela. Film horretako Maerose paperarengatik bigarren mailako antzezle onenaren Oscar saria irabazi zuen. 1988an bere aitak zuzendutako Hilak filmean parte hartu zuen, izenburu bereko James Joyceren Dublindarrak idazlaneko izen bereko ipuinean oinarritua. Handik gutxira, Mr. North filma amaitzen ari zela hil zen John Huston. Anjelicak film horretan ere parte hartu zuen, eta bere anaia Tonyk amaitu zuen. 1990ean Isaac Bashevis Singer Nobel saridunaren nobela batean oinarritutako Enemies: a love story filmean egin zuen paperagatik bigarren mailako antzezle onenaren Oscar sarirako izendatua izan zen; orobat 1991n antzezle onenaren Oscar sarirako, The Grifters filmean egin zuen lanagatik.