Himalaia
(Sanskritoz, «elurren egoitza»). Munduko mendi sailik handiena. Indiako iparraldea hartzen du; 2.800 km luze eta 250-500 km zabal da, eta Pakistan, India, Tibet, Nepal, Sikkim eta Butan-en zehar hedatzen da. Mugak: mendebalean Hindu Kush mendiak eta ekialdean Txinako Yunnan probintzia. Himalaiako mediak garaiera handikoak dira (ehun baino gehiago 7.000 metroz gorakoak dira) eta haietatik gorena, Chomolungma edo Everest (Nepal), “munduaren sabaia” da guztien artean garaiena (8.848 m). v Orografia. Himalaiaren erliebea guztiz malkartsua da. Hiru mendi lerro paraleloz osatua dago: Himalaia Handia, batez beste 7.000 metro baino garaiera handiagoko mendiak, munduko mendirik garaienak biltzen dituena (haietatik hamalau 8.000 metroz goitikoak); Himalaia Txikia, 2.000 eta 5.000 m bitartekoa, eta Kanpoaldeko Himalaia, 700 eta 1.700 m bitartekoa. Mendi sailak Nepalen eta Indian Siwaliks deituriko muinoetatik bat-batean gora egiten du; Tibet aldean, berriz, 5.000 metro inguru gora diren goi-ordokietan zabaltzen da. Ibai askoren iturburua da Himalaia; besteak beste, Indus, Ganges, Yamuna eta Brahmaputrarena. v Klima, landaredia, fauna. Himalaiak India eta Pakistan Erdialdeko Asiako hotzetik babesten ditu. Bestalde, klimari, landarediari eta faunari dagokienez, alde handiak dira leku batetik bestera, oso mendi multzo zabala baita. Ekialdeko Himalaian, 1.800 m-rainoko mendiek Tropikoko basoen itxura dute udako monzoiari esker, eta ugaztun handiak bizi dira han, tigreak, panterak eta elefanteak; baso sarria, 1.800 eta 3.600 m bitartean dago, eta handik goiti larrea; elur iraunkorraren eremua, berriz, 4.500 m inguruan hasten da. Himalaiako gainerako lurraldeetan pinu basoak dira nagusi 4.000 m-tik behera, eta basurde, katamotz, zakur eta asto basatiak bizi dira bertan. Mendebaleko Himalaia lehorragoa da, eta elur iraunkorraren eremuak 5.500 eta 6.000 m bitartean du muga. Himalaia osoa munduko lurralderik oparoenetakoa da, eta hegazti mota sko bizi da bertan. v Biztanleak eta ekonomia. Mendate gutxi dagoenez (Sikkim-en eta Katxemiran gehienak), komunikazioak zailak dira. Hango biztanle gehienak mongoliarrak dira arrazaz. Nekazaritza egonkorrik ere gutxi dago; haran hondoak eta mendi mazeletako terraza zabalak lantzen dituzte (Katxemiran eta Nepalen bereziki). Arroza, garia, garagarra, artatxikia eta patata biltzen dira, eta baita zenbait fruitu ere: laranja eta platanoa (Katmandu), mahatsa eta arbeletxekoa (Katxemira).1.800 metro ingurutik gora, ahuntzak, yack-ak eta ardiak hazten dira.