Hill, Joe
(Joe Hillstrom izenez ezaguna, Joel Emmanuel Hagglun benetako izenez). Estatu Batuetako langile buruzagia. (Gävle, Suedia, 1879 - Salt Lake City, AEB, 1915). 1902. urtean heldu zen Estatu Batuetara, mendebalera joan zen bizitzera eta San Pedro-ko (Kalifornia) langileen sindikatuaren buruzagi nagusi zelarik bat egin zuen Industrial Workers of the World (IWW, Munduko lantegietako langileak) sindikatu sortu berriarekin; IWW sindikatuak munduko langile guztien elkartasuna eta antolamendua zuen helburu. Joe Hill-ek, gainera, langileen aldeko kanta ugari idatzi zituen, 1909tik aurrera IWW sindikatuak argitara eman eta urte gutxiren buruan Estatu Batuetako greba guztietan kantatu zirenak. Agintariek, IWW langile elkartea gero eta indartsuagoa zela ikusirik, buruzagien aurkako jazarpenari ekin zioten eta, beste batzuen artean, Joe Hill atxilo hartu zuten. Bi hilketaren egile izatea leporatu zioten eta alderdikeriaz egindako epaiketa baten ondoren, heriotza zigorra ezarri zioten. Atxiloketa eta zigor horiek gaitzesteko manifestazio handiak egin ziren, eta Suediako gobernuak ere heriotza zigorragatik haserrea adierazi zuen; hala ere, ahaleginak ahalegin, Hill bizirik ateratzeko saioek huts gin zuten, eta 1915. urteko azaraoaren 18an hil egin zuten. Hil bezperan, Big Bill Haywood-i, IWW-ko buruzagiari, telegrafoz bidali zion mezuan honela laburbildu zuen Joe Hill-ek bere borrokabidea: “Adio Bill. Hiltzera noa, benetako iraultzaile bat bezala. Ez ahuenka ari. Antola zaitezte”.