Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hidrogeno

iz. Kim. Gai bakuna, kolore eta usainik gabea, izadiko gairik arinena (H). v Unibertsoko elementu kimikorik ugariena da. Hidrogeno hitzak “ur sortzailea” esan nahi du, ura hidrogenoaren oxido bat delako. Hidrogeno atomoa protoi bakarrez eta elektroi bakarrez osatua dago. Molekula, berriz, bi atomoz osatua da (H2). Alkimistek “aire sukoi” esaten zioten. Hidrogenoaren tasunak Cavendish-ek definitu zituen 1766an. Ezagutzen den gai arinena da eta oso sukoia. Ia beti gas gisa agertzen bada ere, -252 °C-an isurkari bihurtzen da. Egoera horretan suzirien erregai gisa erabiltzen da, eta oso tenperatura txikietan berriz, ikerketa baldintza egokiak sortzeko. Oso erraz sortzen da ur lurrunak burdina, hidrokarburo edo karbono monoxidoaren gainean ekitean, eta baita beste erreakzio kimiko askotan ere; orobat uraren elektrolisian. Azken metodo hori oso erabilia izan da industrian hidrogenoa lortzeko, baina elektrizitate asko kontsumitzen duenez, zientzialariek beste teknika batzuk esperimentatzen ari dira hidrogenoa uretatik lortzeko (deskonposaketa termokimikoa, eta eguzki irraden bidezko deskonposaketa). Hidrogenoa gauza askotarako erabiltzen da: amoniakoa, errekin sintetikoak eta alkohol metilikoa ekoizteko, hidrogenazio eta oxidazio-erredukzio erreakzioetarako, eta petrolioa fintzeko erreakzio katalitiko batzuetan. Hidrogenoaren isotopo astunak esperimentazio termonuklearrean erabiltzen dira. v Hidrogeno lotura. Talde hidroxilo baten hidrogeno atomoa antzeko molekula baten oxigeno atomoak erakartzean eratzen den lotura kimiko mota (“zubi lotura” izenaz ere ezagutzen da). Erakartze indar horrek uraren, alkoholen eta beste isurkari batzuen molekulen artean halako loturak sortzen ditu, eta molekula bakar bat balira bezala eusten die. Horrela azal daiteke ura eta alkoholak bat-batean ez lurruntzea. v Hidrogeno kloruroa. HCl formula duen gas erako gaia. Ehun organikoak jaten ditu, eta beraz kontu handia izan behar da erabiltzerakoan. Oso modu desberdinak erabiliz lor daiteke; besteak beste, kloroa eta hidrogenoa zuzenean elkartuz, edo azido sulfurikoa (H2SO4) sodio kloruroarekin (NaCl) erreakzionaraziz. Uretan disolbaturik (azido klorhidrikoa) erabilera asko ditu kimika industrian: binilo kloruroa eta olefinen beste eratorri batzuen prestakuntzan, metalen gainazala garbitzeko, laborategiko erreaktibo gisa, botikak ekoizteko eta abar. v Hidrogeno fluoruroa. HF formula duen gai kimikoa, ehun organikoak erraz jaten dituena. Gasa da 20 °C-az goitik, eta isurkaria beheragoko tenperaturetan. Zuzenean arnasten bada erredurak eta zauriak sor ditzake arnasketa aparatuaren barruan. Azido sulfurikoa (H2SO4) kaltzio fluoruroarekin (CaF2) erreakzionaraziz lortzen da. Katalizatzaile eta fluor eragile gisa erabiltzen da batez ere. Uretan urtzen bada, ezagutzen den azidorik indartsuenetako bat lortzen da: azido fluorhidrikoa. Azido horrek beirari eratsotzen dioenez, beira ekoizten den industrietan erabiltzen da. Metala lantzeko erabiltzen da. v Hidrogeno peroxidoa. Gai peroxidoen artean ezagunena (H2O2). Haren egitura kimikoan bi oxigeno atomoak elkartuta daude (H–O–O–H). Isurkaria da ingurugiroko tenperaturan, eta 0 °C inguruan trinkotzen da. Komertzioan disoluzio eran erabiltzen da, % 3tik % 90ra arteko proportzioetan. Disoluzioan dagoen hidrogeno peroxidoa oso erraz deskonposatzen da eta oxigenoa askatzen du. Hori dela eta, oxidazio eragile gisa erabiltzen da, lixiba gisa papergintzan eta ehungintzan, gai kimiko sintetikoak ekoizteko, polimerizazioak abiatzeko eta abar. v Hidrogeno sulfuroa. Kirats handia duen gas sukoi eta pozoitsua (H2S). Proteinen eta ehun organikoen deskonposaketan sortzen den gai naturala da. Findegietan ekoizten diren gasetan eta gas naturalean ere badago. Industrian erabiltzeko, koke labeen gasetatik nahiz burdina sulfuroa (FeS) azido sulfurikoarekin erreakzionaraziz lortzen da. Hala ere, oso gutxi erabiltzen da industrian: erreduktore gisa, tiofenoa ekoizteko, sufrea lortzeko. v Hidrogeno zianuroa. Gas sukoia, lehergarria eta erabat pozoitsua (HCN). Amoniakoa, airea eta hidrokarburoen gasak erreakzionaraziz lortzen da. Komertzialki % 10era arteko soluzioetan erabiltzen da. Azido zianhidrikoa landare batzuen fruituetan ageri da; almendra garratzetan batez ere. Pozoi protoplasmatikotzat hartua dago, eta kontu handiz erabili behar da. Hala eta guztiz ere, fruitu arbolak azido zianhidrikoz zipriztinduz zomorroak hiltzeko erabili izan da. Akrilonitriloa, erretxin akrilikoak eta beste gai kimiko sintetiko batzuk ekoizteko erabiltzen da batez ere.