Hidalgo y Costilla, Miguel
Mexikoko abertzalea (Corralejo, Penjamo, 1753 - Chihuahua, 1811). Eliza ikasketak egin eta 1778an apaiztu zen. Frantziako ilustratuen eraginpean herri irakaskuntzan jardun zuen bere parrokian, Dolores herrian. 1810eko irailaren 16an erregeordearen aurkako matxinada piztu zuen (Dolororesko oihua deiturikoa). Hasieran erregearen aldeko mugimendua zela ematen bazuen ere, laster geratu zen agerian higikunde iraultzaile zela: gizarte erreforma (lursailak indiarren artean banatzea) eta burujabetza eskatzen zen. Esklabotasuna galarazi zuen, eta indiarrek eta mestizoek pairatzen zituzten zergak kendu eta europarren ondasunak konfiskatu zituen. Burgesiak, bere jabegoa zalantzan jartzen zuten neurri horiek ikusirik, erregezaleekin bat egin zuen. Eliza agintariek Hidalgo apaiza heretikotzat jo eta eskumikatu zuten. Matxinatuen ostea Celayaz jabetu eta Guanajuaton sartu zen. Gero Valladolidera jo eta erregezaleen gudarosteari nagusitu zitzaion (urriaren 30a). Matxinatuen artean eztabaida sortu zen, ea Mexiko hiribururantz jo behar zuten. Hidalgo Guadalajarara erretiratu zen, eta Callejaren soldaduen aurkako guduan (1811ko urtarrilaren 15a) suntsiturik gelditu ziren haren osteak. Handik gutxira, erregezaleek atxilotu zuten Hidalgo, iparraldera bidean zihoala. Haren kontrako epai bikoitza –zibila eta eliz aldekoa– eginik, fusilatu egin zuten, 1811ko uztailaren 29an. Hidalgo apaiza aberriaren aita eta independentziaren aitzindaria deitua izan da.
- hibridazio
- hibrido
- Hicks, John Richard
- Hida mendiak
- Hidalgo de Cisneros, Ignacio
- Hidalgo y Costilla, Miguel
- hidatide
- hidatidiko
- hidatidosi
- hidatsa
- Hidra