Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hibridazio

iz. Biol. Mota edo genero desberdinetakoak diren bi banakoren arteko gurutzatzea. Sortzen den banako berriari hibrido deitzen zaio. Hibridazioa asko erabili izan da landareetan lore eta fruitu motak ugaritzeko. Animalien arteko hibridazioa oso hurbilekoak diren moten artean bakarrik lor daiteke: astoa eta behorra, lehoia eta tigrea, eta abar. Gurutzatzetik sortzen diren banakoak antzuak izan ohi dira, eta gurasoen ezaugarriak nahastuta izaten dituzte. Mandoa, adibidez, astoa eta behorra gurutzatzetik sortzen den animalia antzua da. Sarritan nahasian erabiltzen dira hibrido eta mestizo hitzak; mestizoa, ordea, mota bereko bi banako gurutzatzetik sortzen da, eta ez du, beraz, zerikusirik hibridazioarekin. Gaur egungo abere hazkuntzan eta nekazaritzan asko erabiltzen da hibridazioa, animaliaren zenbait berezitasun hobetzea lortu nahi denean; adibidez, esne gehiago ematen duten behiak, pisu gehiagoko txahalak, artale handiagoko artaburuak, etab.