Herri frontea
(Fr. Front populaire). Espainiako Frente Popular erakundeari jarraituz, Frantzian 1936an agintea eskuratu zuen ezkerreko alderdi eta erakundeen elkarketari eman zitzaion deitura. Erradikalez eta sozialistez osaturiko gobernua ezarri zuen (komunistek laguntza eskaini zioten, baina parte hartu gabe). Léon Blum presidente zela, gobernu horrek hainbat berrikuntza eragin zituen: enpresaburuen eta sindikatuen arteko hitzarmenak sinatzea, 48 orduko lan astea, opor ordainduak, Frantziako bankaren eta finantzen antolaketa berria, burdinbidea estatuaren esku gelditzea, gariaren bulego nazionala sortzea, etab. Hala ere, finantzen aldetik sortu zitzaizkion nekeek eta gizartean piztu ziren istiluek aldaketak egitera behartu zuten Léon Blum-en gobernua. Komunisten aldetik eta, Espainiako gerran parte hartu nahi ez zuelako gaitzespen gogorrak jaso zituen. Léon Blum-ek Chautemps-i utzi behar izan zion gobernua (1937ko ekaina-1938ko martxoa). Blum-en beste agintaldi baten ondoren (1938ko martxo-apirila), Daladier-ek hartu zuen azkenik gobernua. Hala ere, Herri fronteak ezarri zituen berrikuntza asko indarrean geratu ziren betiko.