Herri Batasuna
Euskal Herriko erakunde politikoa, bere baitan ezker abertzaleko hainbat talde eta alderdi ere biltzen dituena. 1983. urtean elkarte politiko izateko lege eskubideak lortu arren, garai horretako Espainiako estatuko gobernuak oztopoak jarri zituen, eta 1986ko maiatza arte ez zen legeztaua izan. 1998az geroztik, Euskal Herritarrok hautesle plataformaren barnean –horren osagai nagusia izanik– aurkeztu izan da hauteskundeetara, eta jarduera politiko publikoaren atal handi bat ere deitura horren pean garatu du (ik. Euskal Herritarrok). v 1977ko urrian alderdi abertzale batzuek (EAE-ANV, HASI, LAIA, EIA eta ESB) Altsasuko Mahaia eratu zuten, Euskal Herri burujabea, sozialista, euskalduna eta batuaren alde lan egiteko, eta horietako alderdi batzuek (ESB, EAE-ANV, LAIA eta HASI) 1978an Herri Batasuna sortu zuten. Alderdi horiez gainera, alderdiez kanpoko kideak izan zituen Herri Batasunak hasieran, eta gerora ere beti izan ditu. Gaur egun EAE-ANV da alderdi fundatzaileetatik Herri Batasunean geratzen den alderdi bakarra. v Erakunde honen helburua Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa da, eta sortu zenean KAS alternatibaren puntuak helburutzat hartu bazituen ere, gaur egun programa zehatzagoak proposatzen eta lantzen ditu. Herri Batasunak ez du Espainiako estatuko konstituzioa onartzen, euskal naziotasuna eta autodeterminazio eskubidea ez dituelako kontuan hartzen, eta horregatik konstituzioaren kontrako botoa eskatu zuen 1978ko abenduko erreferendumean. 1979ko urrian Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Autonomia Estatutuaren bozketan abstentzioa eskatu zuen, eta 1982ko Foru Hobekuntza delakoaren aurka ere bai, konstituzioak eratutako lege eredua finkatzen zutelako, alegia Euskal Herriaren lurralde zatiketa. Zuzendaritza eta eraketa lanetarako hiru egitura ditu: Mahai Nazionala (25 pertsonek osatzen dute, eta zuzendaritza lana egiten du); Biltzarra (egitura iritziemailea da, eta horretarako hautatuak izan direnekin batera, herrialdeetako, Parlamentuko taldeetako eta Mahai Nazionaleko ordezkariakak biltzen ditu) eta Batzar Nazionala (erabakiak hartzeko egitura gorena da, eta herrietako ordezkariak, herrialdeetakoak eta Mahai Nazionala osorik biltzen ditu). v Hauteskundeetako emaitzak. 1979an aurkeztu zen hauteskundeetara lehenengo aldiz. 1987ko ekainean izan zuen hauteskundeen emaitzen une garaiena, Europako Parlamentuko hauteskundeetan Hego Euskal Herrian lehenengo alderdi abertzalea izan zenean (250.000 boto), eta hala iraun zuen 1989. urtea arte (orduan EAJ izan zen lehenengoa). 1989ko Espainiako estatuko azken hauteskunde orokorretan 4 diputatu izan zituen (2 Gipuzkoan eta 2 Bizkaian) eta 3 senatari (Gipuzkoan). 1990eko hauteskundeetan Gasteizko Parlamentuan 13 parlamentari lortu zituen; eta 1991n 33 ordezkari Batzar Orokorretan, Nafarroan 6, eta Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban 27. Gipuzkoan Herri Batasuna lenenengo talde politikoa izan da 1987tik gaur arte, Bizkaian hirugarrena, EAJren eta PSOEren ondoren, Araban laugarrena eta Nafarroan hirugarrena. Gaur egun Europako Parlamentuan diputatu bat du. Herri Batasunak lege erakunde batzuetan parte hartzen du eta beste batzuetan ez (1979. urteaz geroztik udaletxeetan eta 1987tik aurrera Europako Parlamentuan). 1987ko otsailean parte hartu zuen lehenengo aldiz Gasteizko Parlamentuan, J.K. Yoldi euskal presoa lehendakaritzara aurkeztu zuenean, eta bigarrena, 1990eko otsailean autodeterminazioaren eztabaidan. 1992-1993. urteetako azken hilabeteetan maizago hartu du parte. 1979. urteko irailean Tomas Alba Donostiako HBko zinegotzia tiroz hil zuten Astigarragan, urte bereko azaroan Mikel Arregi Lakuntzako HBko zinegotzia Etxarrin hil zuten. Xanti Brouard, Herri Batasuneko kidea eta Gasteizko Parlamentuko ordezkaria Bilbon (1984ko azaroaren 20an) hil zuten tiroz, eta Madrilen Josu Muguruza, Madrilgo Parlamentuko diputatua, (1989ko azaroaren 20an). Hilketa horien guztien erantzukizuna, eta Madrilgo tiroketako Iñaki Esnaola diputatu ohiaren zauri larriena, Herri Batasunak Espainiako estatuarekin zerikusia duten militarren eta polizien inguruko taldeei egozten die. 1982az geroztik Herri Batasunaren eginkizun garrantzitsuetako bat izan da ETAren eta Estaduaren arteko negoziaketaren eta elkarrizketaren alde lan egitea. Horren ondoriorik ezagunena 1989ko ETAren eta Espainiako gobernuaren arteko Argelgo elkarrizketak izan ziren. Bertan Herri Batasuneko kide batzuek aholkularitza lana egin zuten (I. Iruin, R. Diez eta I. Aldekoa, Tx. Montero, T. Erkizia). Gaur egun Herri Batasunaren egitarauaren helburu nagusiak dira: autodeterminazioaren eskubidean oinarritutako burujabetza; Euskal Herriaren lurraldetasuna; euskara Euskal Herri osoaren hizkuntzatzat onartua izatea, eta, autonomia estatutu nazionala oinarritzat hartuta, Espainiako estatuarekin harreman eredu berria eratzea. 1988ko urtarrilean Ajuria-Eneako hitzarmena sinatuz geroztik, alderdi sinatzaileek Herri Batasuna gizartean eta politika eginkizunetan bakartzea erabaki zuten (alkatetzak kentzea, eztabaidetan HBko kideak ez onartzea…). Erabaki horrek etena izan zuen EAJren eta HBren arteko elkarrizketak izan zirenean (1991. urtean Leizarango autobiaren eztabaiden inguruko elkarrizketak; eta 1992ko maiatzean, ekainean eta uztailean EAJren eta HBren politikazko elkarrizketak). ■ Oro har, independenteak ere hartzen dituen Euskal Herritarrok-ek hobetu egin ditu, sortu zenez geroztik, Herri Batasunak 90eko hamarkadan egin diren hauteskundeetan lortu dituen emaitzak. Mugimendu politiko bezala, ordea, bere dinamikari eutsi dio, eta, besteak beste, barne hausnarketa prozesu garrantzitsua bultzatu du 1990eko hamarkadan zehar. Horretaz gain, Euskal Herrian diharduten beste alderdiekin dituen harremanak batzuen eta besteen ETArekiko joeraren araberakoak izan dira, eta alde horretatik etorri zaizkio, halaber, azken urteotan jasan dituen eraso judizial eta politiko nagusiak. HB-ren ildo politikoari dagokionez, 1995ean Oldartzen dokumentuan oinarritutako bidea hartu zuen mugimenduak, indarraren erabileraren hainbat adierazpen borroka politikarako baliabide zilegitzat hartuz, besteak beste. Horrek jarreren gogortzea ekarri zuen nolabait Herri Batasunaren baitan, eta mugimendu politikoaren aurkako eraso politiko eta judizialak ere gogortu egin ziren 90eko hamarkadaren bigarren erdialdera. Horren isla zuzena izan zen Herri Batasunako Mahai Nazional osoaren kartzelatzea. Izan ere, 1997ko azaroan Espainiako Auzitegi Gorenak zazpina urteko kartzela zigorrak ezarri zizkien Herri Batasunaren Mahai Nazionala osatzen zuten 23 kideei, 1996ko hauteskunde orokorretarako kanpainan zegozkion telebista espazio doakoetan ETAren bideo bat banatzen saiatzeagatik. Abenduaren hasierarako kartzelan zeuden mahaikide guztiek eta, osasun arazoak zirela eta askatua izan zen Jon Idigoras izan ezik, kartzelan jarraitu zuten 1999ko uztailean Auzitegi Konstituzionalak –mahaikide kartzelatuen babes eskaera bidezkotzat hartuz– Auzitegi Gorenak ezarritako kondena deuseztatu zuen arte, kondenatuen eskubideak bortxatuak izan zirela onartuz. Mahai Nazionala kartzelan zegoen artean, jarduneko Mahai Nazional baten bidez jarraitu zuen lanean Herri Batasunak, eta 2000ko otsailean zuzendaritza berria hautatu zuen HB-ren Batzar Nazionalak, heren batean kartzelan egondako mahaikidez eta bi herenetan horiek espetxean zeuden artean jardun zuen Mahai Nazionaleko kideez osatua. Batzar Nazional berean hurrengo urteetako estrategia politikoa finkatuko zuen Eraikitzen txostena ere onartu zuen Herri Batasunak, aurreko hilabeteetan landua eta eztabaidatua izan zena. Mahai Nazionalari zegokion Eraikitzen prozesua bideratzea. Nolanahi ere, aurreko urteetan jarriak zituen oinarriak, besteak beste, independentzia eta burujabetzaren bidean abertzaleen arteko lankidetza, biolentzia adierazpen guztiak gainditzea eta garai berriei egokitutako berregituraketa proposatzen zituen dokumentuak. 1998ko legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, esate baterako, Euskal Herrirako Hitzarmen Nazional bat proposatu zuen Herri Batasunak, burujabetasunaren aldeko apustu argia egiteaz gain, marko politikoa agortuta zegoela adieraziz, eta hitzarmen hori lau zutabetan oinarrituz: autodeterminazio eskubidea, lurraldetasuna, eraikuntza nazionala eta soziala, eta irtenbide demokratikoa. Hainbat alorretan –euskara, irakaskuntza, kultura, sozioekonomia, lurraldearen antolamendua, botere judiziala eta kirola– proposamen guztiz zehatzak ere egiten zituen Hitzarmen Nazionalak, eta hori "Hitzarmen Nazionalaren inguruan hitz egin eta eztabaidatzeko prest daudekeen Euskal Herriko erakunde sozial, sindikal eta politiko guztiei" eskaini zien. 1999ko azaroan, bestalde, Euskal Demokrazia Osatzeko Oinarri eta Garatzebideak Proposamena aurkeztu zuen Herri Batasunak, une hartan Euskal Herriak bizi zuen egoera guztiz berezian marko politiko berri baterako proposamena egin, eta prozesu hori ere Euskal Herri osoko agente sozial, sindikal zein politiko guztien parte hartzeaz egin behar zela adieraziz. Proposamenean, 1998ko irailaren 12an Lizarra-Garaziko Ituna sinatu zenez geroztik "fase politiko berria" igartzen zuen Herri Batasunak, neurri handi batean indar abertzaleen arteko lankidetzak definitzen zuena. Eraikitzen txostenak ere abertzaleen arteko lankidetza zuen ardatz, betiere trantsizio berri baten bidez egungo markoa gainditu eta burujabetza eta euskal demokrazia zirela helburu nagusiak, Euskal Herria osatzen duten lurralde guztiak bere baitan hartuko lituzkeen egitura politiko-instituzional baten bidez.