Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Herbehereak

(Izen ofiziala, Herbehereetako Erresuma; Nederlanderaz, Koninkrijk der Nederlanden; Holanda ere esaten zaio). Europako ipar-mendebaldeko estatua. 41.508 km2 eta 16.785.088 biztanle (2008ko estimazioa; herbeheretarrak edo nederlandarrak). Mugak: Ipar Itsasoa iparraldean eta mendebaldean, Alemania ekialdean eta Belgika hegoaldean. Hiriburua: Amsterdam; Hagan dago aginpide publikoaren egoitza. Hiri nagusiak: Rotterdam, Haga, Utrecht, Eindhoven. Hamabi probintziak osatzen dituzte Herbehereak: Drenthe, Flevoland, Frisia, Gelderland, Groninga, Limburg, Ipar Brabant, Ipar Holanda, Overijssel, Utrecht, Zeeland, Hego Holanda. Herbehereen mendeko lurrak dira Aruba eta Nederlandar Antillak. Hizkuntza ofiziala: nederlandera. Talde etnikoak: herbeheretarrak, % 94; turkiarrak, marokoarrak eta beste % 6. Erlijioa: katolikoak (% 34), protestanteak (% 24), musulmanak (% 3), erlijio jakinik gabeak (% 36). Dirua: euroa. ■ XVI. mendearen bukaeran, Espainiako erregearen kontrako matxinada batek, hark agintzen baitzuen orduan Herbehereetan, arrakasta izan zuen iparraldeko probintzietan; Probintzia Batuen Errepublika bihurtu ziren geroago probintzia haiek, eta modu ofizialean 1648an onetsi zitzaien independentzia. Probintzia Batuen Errepublika 1795. urtean desagertu zen, Frantzia iraultzaileko osteek Bataviako Errepublika ezarri zutenean. 1810ean, Frantziak Herbehereen Erreinua osatu zuen, Luis I.a Bonapartek gidatua, eta geroxeago frantses inperiora erantsi zitzaiona. Napoleon I.a Bonaparte garaitu zutenean (1814), estatu berri baten gisara antolatu zen lurralde hura, ofizialki Herbehereen Erreinua deitua. Hasieran erreinu horren barruan zegoen Belgika ere, baina 1830ean banatu eta herrialde burujabea osatu zuen. Herbehereen gaurko mugak, funtsean, Belgika bereizi ondorengoak dira. v Geografia eta klima. Geografia gorabehera handirik gabeko lurraldeek eratzen dituzte Herbehereak. Ordoki zabalak eta polderrak, hormak eraikiz itsasoari kendutako lurrak, alegia, dira nagusi. Hegoaldean eta ekialdean 100 m hurbil dituzten muinoak daude eta, Linburgoko probintzian dago, lurraldeko mendi garaiena (Vaalsserberg, 321 m). Erdialdean eta hegoaldean, Rhin, Mosa eta Scheldt ibaien bokaleek eratzen duten delta zabala dago. Herbehereetako lurraldearen bosten bat itsas mailatik behera dago; dunek edo barrerek, eta eraikitako kai-hormek babesten dute lurra itsasoak gora egiten duen aldietatik. Herbehereetako klima epel samarra da urte osoan zehar (17 °C uztailean, 2 °C urtarrilean), itsasoaren eragina dela medio. Euria maiz eta ugari izaten da, abuztuan eta udazkenean batez ere (790 mm). Haize boladak indar handikoak dira, ez baitago batere oztoporik; hori dela eta haize errotak erabili izan dira haizearen indarrari etekina ateratzeko. Landareei dagokienez, dunetako loreak, pinudiak eta hariztiak nagusi dira Herbehereetan. Animalia kopurua asko urritu da, gizonak hartu baitu, bizitzeko, ia lurralde osoa; Waddenzee-n eta Frisia uharteetan hegazti mota ugari bizi dira, baina ibaietako karramarroa, aintziretako dortoka edo belatza, esate baterako, desagertu egin dira haien ingurugiroa suntsitu edo eraldatu egin delako. v Biztanleak. Frisiar, saxoi eta frankoen ondorengoak dira Holandako biztanleak. Erromatarren garaian eta Erdi Aroan germaniar taldeak sartu ziren, eta XX. mendean, arrazoi politikoak edo ekonomikoak zirela medio, turkiarrak, jugoslabiarrak, antillarrak eta espainiarrak. 1975. urtetik aurrera behera egin zuen inmigrazioak. Herbehereetako biztanle dentsitatea munduko handienetako bat da. Biztanle gehienak bertakoak dira, franko, frisiar eta saxoien ondorengoak. Biztanleria gehiegi haziko ote zen beldurrez, holandar gobernuak emigrazioa bultzatu zuen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, eta 500.000 bat lagunek alde egin zuten Herbehereetatik. Baina, alderantziz, atzerritarrak sartu ziren, joandakoak baino gehiago, batez ere asiarrak, antzinako Nederlandar Indietatik iritsiak (gaur egun Indonesiako partea da), Turkia, Maroko, Mediterraneo aldeko Europatik etorriak, eta geroago, Surinamdik (holandar kolonia ohia hori ere) eta Nederlandar Antilletatik. Hortaz, hiri populatuenetan bereziki, zenbait etnia bizi da gaur Herbehereetan. ■ Biztanle dentsitatea oso handia izateaz gainera, herrialdea oso urbanizatua dago: holandarren % 89 inguru bizi da hiri eta herri handietan. Hiri handienak hauek dira: Amsterdam (1994ko biztanle estimazioaren arabera, 724.096 biztanle); Rotterdam (598.521 biztanle), munduko itsas portu handienetako bat; Haga, (445.279 biztanle), gobernuaren eta justizia erakunde nagusien egoitza, eta Utrecht (234.170 biztanle), industriagunea. Badira beste hamasei hiri 100.000 eta 200.000 biztanle bitartekoak: asko mendebaldeko probintzietan daude, Ipar Holandan, Hego Holandan eta Utrechten, eta eskualde horiek osatzen dute Herbehereetako ardatz urbanoa (Randstad Holland izenaz ere ezagutzen dena). Hizkuntza ofiziala nederlandera da, herrialde osoan mintzatzen dena. Alabaina, Frisiako iparraldeko probintzian, biztanleriaren parte handi batek beste bat du ama hizkuntza, frisiera. Frisiera ere, nederlandera bezala, germaniarra da, 400.000 hiztun inguru ditu, eta hizkuntza ofiziala da Holandako Frisian, nederlanderarekin batera. Erlijioari dagokionez, katolikoak biztanleen % 33 inguru dira, eta protestanteak % 23. Era berean, bada komunitate judu txiki bat, eta biztanleriaren % 39 inguruk ez du erlijio afiliaziorik. Biztanle katolikoak herrialdearen hegoaldean bizi dira gehienbat. Protestanteak berriz zenbait elizatakoak dira; nagusia holandar eliza erreformatua da. Erlijio ofizialik ez dagoen arren, eliza erreformatuak oso harreman estua izan du estatuarekin, XVII. mendean Probintzia Batuen Errepublika sortu zenez geroztik; nederlandar errege-erregina guztiak izan dira eliza erreformatuko kide. ■ 1960ko hamarraldian hasi zen aldatzen, nabarmen aldatu ere, Herbehereetako kultura eta gizarte bizimodua. Izan ere, ordu arte, holandar bizimoduaren alderdi gehienak modu sistematikoan zeuden antolatuak, pillars edo taldeetan. Hezkuntzan, politikan, hedabideetan, sendagintzan, sindikatuetan eta beste sektoreetan, erakunde horiek protestanteak, katolikoak edota publikoak ziren (konfesionalak ez zirenak), eta batzordeak zituzten gobernuaren alor guztietan. Herrialdea aldatzen hasi zenean, sozialista eta liberal talde irekiak elkartu zitzaizkien konfesionalei, eta erakunde batzuk aldendu egin ziren pillarsen sistematik. 1980ko hamarraldian, biztanle gehienak ez zeuden jada talde jakinei lotuak. v Gobernua eta gizartea. Herbehereak konstituzio monarkia dira; 1814. urteko konstituzioa dago indarrean, aldaketa askorekin. Errege-erreginek ministro kontseiluaren bitartez gobernatzen dute; nazio zein nazioarteko hitzarmenak eta gobernuaren politika onartu ala ez parlamentuaren egitekoa da. Legegintzarako ahalmena parlamentuko bi ganberek dute, errege eta gobernuarekin batera. Herbehereetako 12 probintzietako bakoitzaren buru erregeak hautatutako gobernadore bat da, herriak hautatutako batzorde batek lagunduta. v Gizarte laguntza ondo antolatua, zabala eta guztientzakoa da Herbehereetan, eta ezinduak, zaharrak eta umezurtzak babesten ditu bereziki. Osasun egoera ona da. Hezkuntza nahitaezkoa da 7-15 urte bitartekoentzat; eskola pribatuak dira nagusi, katolikoak eta protestanteak. Unibertsitate nagusiak: Amsterdam (1632), Utrecht, Linburgo. v Kultura eta artea. Herbehereetako kultura adierazpide nagusia margolaritza izan da; ez da harritzekoa, beraz, arte museo ugari izatea herrialdean: Hagako Mauritshuis eta Amsterdamgo Rijksmuseum museoetan XVII. mendeko flandestar eskolako margolarien lanak biltzen dira; Vincent van Gogh margolariak bere lana gordetzen duen museo bat du, Amsterdamen, eta hiri horretan bertan dago Stedelijk museoa, gaur egungo artearen egonleku dena. Herbehereetako dantza eta musika talde eta abesbatza askok estatuaren dirulaguntza jasotzen dute; aipatzekoa da Amsterdam-eko Concertgebouw orkestra; XX. mendeko musikagile ezagunenak Willem Pijper eta Kees van Baarem dira. Zinema Lehen Mundu Gerran hasi zen aurreratzen; zinema mutuaren garaian Johan Gildemeyer-en filmak nabarmendu ziren. 1927. urtetik aurrera, Joris Ivens-ek dokumental eskola bat sortu zuen, Bert Haanstra tartean zelarik; XX. mendearen bigarren erdiko bultzatzaile nagusiak Pim de la Parra eta Wim Verstappen izan dira. Holanderazko literatura eta antzerkia ez da oso ezaguna nazioartean. ■ Ekonomia. Lurraldea oso mugatua izanik ere, ekonomia indartsua garatu dute nederlandarrek, garraioan, finantza zerbitzuetan eta industrian oinarritua, emaitza bikainak ematen dituena. Nekazaritzak oraindik ere garrantzi handia du: oso intentsiboa da, eta barazki langintzarekin lotu du behi eta zerri hazkundea. Laborantza gaien munduko hirugarren esportatzailea da Herbehereak, eta aurreneko lekuan dago gazta, lekadun eta loreen esportazioan. Gas naturala da lurpeko baliabide nagusia (bosgarrena 1996. urtean); Groningeneko hobi zabalak, iparraldean, oraindik gasaren bi heren ematen ditu, baina ekoizpena agortzen ari da; aldi berean ordea, indartzen ari dira Ipar Itsasoan dauden gas hobiak. Gas hori, nazioko esportazioen % 10 edo dena, inguruko europar herrialdeetan banatzen da. ■ Herbehereek oso tradizio zaharra dute negozioetan, eta orobat da han antzinakoa merkataritzako kapitalismo dinamikoa: bertakoak dira Shell, Unilever eta Philips bezalako multinazional handiak. Usadio horietan oinarriturik, industria ahaltsua garatu da: industria horretan usadiozko espezialitateak (diamante langintza adibidez) eta ekoizpen sorta oso zabala elkartzen dira, esportazio guztien % 50 ziurtatzen dutenak. Hirugarren sektoreak enpleguaren % 69,2 eta NPGren % 65,7 hartzen zuen 1994. urtean, eta nazioarteko merkatari eta finantza bulego asko sortu ditu atzerrian; hala, asko dira holandar holding-ak, trataera fiskal abantailatsu batek erakarriak. Rotterdamen dago munduko lehen portua, garraio sare bikain batez osatua, eta hantxe dago halaber petrolioaren negozioaren nazioarteko gune nagusia. Zor publiko handia zela-eta, plangintza bat jarri zen abian 1991-1994 urteetan. Horrekin batera, gizarte krisi bat gertatu da: izan ere, gizarte babesak, oso zabala izanik, eragotzi egiten du ekonomiaren aurreramendua. Bestalde, ekologia arazoen larritasuna dela-eta, ingurugiroa zaintzeko nazio plangintza bat aplikatu da 1990-2000 aldirako. Herbehereak Europar Batasuneko kide dira 1992. urteaz geroztik. ■ Oso herrialde industrializatua da; gas naturalaren ekoizpena munduko handienetakoa da, eta esku-hartze garrantzitsua du petrolio langintzan, findegi handiak baititu Antilletan eta Rotterdamen. Hain zuzen ere, Rotterdam da olio gordinaren merkatu librearen munduko gune nagusia (spot market). Pestiziden erabilera masiboa dela-eta, lurpeak nitrato kutsadura handia du; ibai nagusiek berriz era guztietako hondakinak daramatzate, organikoak nahiz industrialak, asko Europako beste herrietatik datozenak. ■ Historia. Zelta eta germaniar leinuko herriak bizi ziren Herbehereetan Erromak konkistari ekin zion garaian (K.a. I. m.). K.o. V. mendearen hasieran, germaniar leinuko herrien inbasioekin batera bukatu zen Erromaren nagusitasuna. Germaniar herri batek, frankoak, Herbehereen hegoaldean hartu zuen bizilekua eta VII. mendearen bukaeran Herbehereak bereganatu zituen; frankoen nagusitasuna erabatekoa izan zen Karlomagnoren agintaldian (768-814): merkataritza sustatu, eta legeak eta admistrazioa antolatu zituen berriro. IX. mendearen erdialdean, Luis I.a Errukitsua hil zenean, Karlomagnoren inperioa zatikatu egin zen; mendebaleko erreinu frankoa, Herbehereak barne, Lotario I.ari egokitu zitzaion. 925. urtean, Herbehereak germaniar erreinuaren barne geratu ziren. Erdi Aroan zehar, jaun feudalen eta erregearen arteko harremana ahulduz joan zen heinean, Herbehereetako eskualdeen independentzia maila handitu egin zen. XVI. mendearen hasieran, Herbehereak, Espainiako Habsburgoko etxearen mendeko probintzia bihurtu ziren. Herbehereetan kalbinismoak indar handia hartu zuen, eta Espainiako Filipe II.aren Kontraerreforma politika gogorrak herriaren matxinada, Gilen Orangekoa buru zelarik, izan zuen ondorio. 1579. urtean, iparraldeko probintziek Espainiatik bereizi eta Herbehereetako Probintzia Batuak eratu zituzten. Espainiaren eta Probintzia Batuen arteko gerrak –su-etenak ere izan ziren tarteka– jarraitu zuen 1648an Espainiak probintzien independentzia onartu zuen arte. XVII. mendean, kolonia askoren jabe ziren eta Europako merkataritzaren nagusitasuna lortu zuten Herbehereek. Kolonien jabegoari buruzko istiluak zirela eta gerra piztu zen holandar eta ingelesen artean (1652-54). 1688. urtean Ingalaterrako parlamentuak herriaren ardura hartzera deitu zituen Gilen Orangekoa eta honen emaztea, Maria Estuardo. Gilen Ingalaterraren eta Herbehereen indarraz baliatu zen Luis XIV.aren Frantziarekin gerran hasteko. XVIII. mendean, Holandaren nagusitasuna ahulduz joan zen, eta merkataritza Ingalaterraren mendean geratu zen, gero eta gehiago. 1795. urtean Frantziako Iraultzako gudarosteek Probintzia Batuak hartu eta Bataviako errepublika eratu zuten haiekin. Frantsesen nagusitasuna 1814an bukatu zen, Gilen VI.a Orangekoak (Guilermo I.a Holandakoa) Herbehereetako erreinuaren aginpidea hartu zuenean; Belgika eta Luxenburgo erreinuaren barne egon ziren 1830. urtean independentzia iritsi zuten arte. Gilen II.a eta Gilen III.aren agintaldietan konstituzio monarkia sendotu zen, nahiz eta horren aurka agertu zen muturreko zenbait erlijio sektore. Gilermina erreginaren agintaldi luzean (1890-1948) erakunde demokratikoak sortu ziren. Herbehereek ez zuten Lehen Mundu Gerran parte hartu eta Alemaniako gudarosteak inbaditu zuen herria bigarrenean, 1940ko maitzaren 10ean. ■ 1980. urtean, Juliana erreginak abdikatu egin zuen bere alaba Beatrizen alde (1938an jaioa). Ruud Lubbers Lehen Ministroak gidatu zuen eskuin-zentroko lehen gobernu koalizioa (kristaudemokratek eta liberalek osatua) 1982-1989 urteetan, eta bigarren koalizio bat, zentro-ezkerrekoa (kristaudemokratek eta sozialistek osatua) 1994. urtea arte. Ekonomia atzerapenak sortutako tentsioak gorabehera, gobernuak politika ekonomiko estua bultzatu zuen, 1984tik aurrera ekonomiaren berrindartzea ekarri zuena. Europar Batasunaren aldekoa izanik, Herbehereen gidaritzapean gauzatu zen Maastrichteko ituna (1991). 1994tik aurrera, Wim Wok izan zen koalizio gobernuaren burua, laboristek, erreformazaleek eta liberalek osatua. 1999ko maiatzean, senatuak erabaki zuelarik ez zuela babestuko konstituzioa berrikusteko gobernu proiektua, krisi politiko larri bat sortu zen, eta gobernu osoak dimisioa aurkeztu zuen. Alabaina, ekainaren hasieran, koalizioko hiru alderdiek adierazi zuten konponbidera iritsi zirela, eta ez zen hauteskundeak aurreratzeko beharrik izan. 2002an gobernu osoak uko egin zion aginpideari, onartu baitzuen erantzukizuna izan zuela 1995ean Srebrenican gertatutako sarraskian. 2003. urtearen hasierako hauteskundeetan Alderdi Demokrata Kristauak lortu zuen gehiengoa; hala ere, koalizio gobernua osatu zuen hurrengo bi alderdiekin. Jan Peter Balkenende hautatu zuten lehendakari, eta zerga defizitari eta langabeziari aurre hartuko ziola adierazi zuen. 2005eko erreferendumean Europako Konstituzioari uko egin zioten herbeheretarrek.
http://www.holland.com