Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

herpesbirusak

iz. Biol. Herpesviridae familiako birusak, lerro kate bikoitzeko azido desoxirribonukleikoko (DNA) genoma dutenak. Ugaztunak (gizakia barne), hegaztia, anfibioak, narrastiak eta arrainak kutsatzeko ahalmena dute. Familiako birusak oso antzekoak dira egituraz eta morfologiaz. Birioiaren barne egitura proteina zentral bat inguratzen duen DNAzko nukleo batez eratua dago. Hori guztia 162 kapsomero (12 pentameriko eta 150 hexameriko) dituen kapsida ikosaedriko batean bildua dago. Proteina geruza bikoitza dute kapsidaren eta azalaren artean. Azala hiru xaflako geruza bat da, eta espikula glikoproteikoak ditu. Herpesbirusen familia hiru azpifamiliatan banatzen da: Alphaherpesvirinae, Betaherpesvirinae eta Gammaherpesvirinae. Lehenengo azpifamiliakoak dira herpesbirus soila 1, herpesbirus soila 2, eta astanafarreria-zosterra. Lehenak ezpainetako herpesa sortzen du, bigarrenak sexu alderdietako herpesa, eta hirugarrenak baztanga edo astanafarreria eta zoster herpesa. Bigarren azpifamiliak, Betaherpesvirinae-k, zitomegalobirusak hartzen ditu bere baitan. Azkenik, Epstein-Barr birusak, hirugarren familiako ereduak, mononukleosi kutsagarria sortzen du, eta Burkitt linformarekin eta sudur-eztarrietako karzinomarekin ere lotzen da.