Herralde, Gonzalo
Katalan zinema zuzendaria (Bartzelona, 1949). Psikologia eta medikuntza ikasketak egin zituen, baina bukatu gabe utzita, antzerkigintzan hasi zen lehenbizi eta zinemagintzan gero, Parisen. 1970ean egin zuen lehen film laburra, Cartel. Bien bitartean, semiotikako eta artearen historiako ikasketak egin zituen Bartzelonako Unibertsitatean. 1971 eta 1974 bitartean, zenbait film labur egin zituen: Bocaccio va a New York (1971, Bocaccio New York-era doa), Un cochero impertinente (1973, Zalgurdi gidari lotsagabea) eta Mi terraza (1974, Nire terraza). Azken urte horretan bere ekoiztetxea sortu zuen eta debuta egin zuen film luzeen zuzendari gisa: La muerte del escorpión (1975, Arrabioaren heriotza). Bi urte geroago, esperimentu bat egin zuen Raza, el espíritu de Franco (Arraza, Francoren espiritua) filmarekin: Alfredo Mayo eta Pilar Francori egindako elkarrizketak tartekatu zituen Saenz de Herediaren film horren sekuentzien artean. 1978an, El asesino de Pedralbes (Pedralbesko hiltzailea) filmean, Bartzelonako goi burgesiako senar-emazte batzuen hilketa kontatu zuen. Filmak gaztelaniazko ekoizpen onenaren Kantauriko Perla saria irabazi zuen Donostiako Zinemaldian. Beste lan batzuk: Vértigo en Manhattan (1980, Zorabioa Manhattanen), Últimas tardes con Teresa (1983, Azkeneko arratsaldeak Teresarekin), Laura, del cielo llega la noche (1986, Laura, zerutik dator gaua), eta Proceso al azar (1989, Halabeharraren araberako auzia).