herpes
iz. Med. Larruazalaren hantura, birus batek sortua. Gorputzaren irekiguneen inguruan ateratzen diren pikor txikiak dira eritasun honen ezaugarri nagusiak; sailka ateratzen dira eta hausten eta lehortzen direnean ezkatak eratzen dira. Sukarra, hesteetako gorabeherak, nekea eta beste hainbat izaten dira eritasun honen ezaugarriak. Hiru herpes mota nagusi bereizten dira: sinplea, ugalketa organoetakoa eta herpes zoster deritzona. Herpes sinplean muki mintzetatik hurbil ateratzen dira pikorrak, ezpainetan, sudurraldean, etab. Ernalkinetako herpesa denean pikorrak ateratzen dira gizonaren zein emakumearen ugalketa organoetan; min handia ematen du eta oso erraz kutsatzen da, sexu harremanen bidez batez ere. Herpes zoster delakoarekin aurpegiko, sabelaldeko edo bizkarraldeko nerbioen inguruan pikorrak ateratzen dira, eta, horrez gainera, neuralgia izaten da herpesa sortu den nerbioaren inguruan.