Hermlin, Stephan
(Jaiotza izena, Rudolf Leder). Alemaniar idazlea (Chemnitz, 1915 - Berlin, 1997). 1931n Gazteria Komunista elkarteko kide egin zen, eta inprimategi batean lanean hasi zen. 1936an Egiptora emigratu zen, eta Palestinara joan zen gero. Handik Espainiara igaro zen, gerra zibilean parte hartzera. Gero, Ingalaterra, Frantzia eta Suitzara joan zen, eta 1945ean itzuli zen Alemaniara. Frankfurten erredaktore gisa hasi zen lanean, eta 1947an, Bigarren Mundu Gerraren erdian, sobietarren mendeko eremura igaro zen. Erbestetik itzulita ezagutarazi zuen bere burua idazle gisa. Dena dela, lehenago, Suitzan, argitaratu zituen bere lehen poemak. Konposizio poetiko horietan surrealismoaren eta sinbolismoaren eragin handia nabari da, komunismoarenaz gainera. Hitz lauzko lanetan fikzioa eta errealitatea nahastu zituen, eta irudi bat nagusitzen da haietan guztietan: bakartasunarena. Lan aipagarriak ditu, besteak beste, Der Leutnant Yorck von Wartenburg (1946, Yorck von Wartenburg tenientea); Die Zeit der Einsamkeit (1949, Bakartasunaren garaia); Die Zeit der Gemeinsamkeit (1949, Konpainiaren garaia); Die erste Reihe (1951, Lehen lerroa), faxismoaren aurkako erresistentziako kideen erretratua. Die Kommandeuse (1954, Komandante andrea) narrazioak kritika handiak izan zituen herrialdearen bi aldeetan, nazien erregimenaren garaiko gertaerak Alemaniako Errepublika Demokratikoan 1953ko ekainaren 17an gertatu zirenekin parekatzen zituelako. 1980ko hamarraldian, Hermlinek saiakerak idatzi zituen batez ere, eta Alemaniako alde bietako artisten arteko truke intelektuala gauzatzen ahalegindu zen.