Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hermopolis

(Eusk. «Hermesen hiria»; egiptoeraz, Kmunu; gaur egun, Al-Ashmunayn). Antzinako Egiptoko hiria, Kairotik 300 km-ra, Tebaidako mugetan. Antzinateko erlijiogune seinalatua, munduaren sortzaile ziren zortzi jainkoei eskainia (Amon, besteak beste). Gero Tot jainkoari (grekoen Hermes) eskaini zioten, eta K.a. IV. mendetik erromesgunea izan zen. Erromatarrek oparoaldia ekarri zioten. Bertatik 12 km-ra den hiriko nekropolian (gaur egungo Tuna al-Jabal), Petosiris-en, Alexandro Handiaren garaian Toten apaiz nagusi zenaren hilobia aurkitu da.