Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Heraklito

Greziar filosofoa (Efeso, K.a. 540 inguruan - 480). Errege familiakoa. Heraklitoren idazkietatik antzinako biltzaileek Izadiaz izenburuko obran jasoriko esaera moduko zati batzuk besterik ez dira gorde. Antzinatean Iluna izengoitiz ezagun zen, haren pentsakera ulergaitza zela eta. Haren filosofia esaldi ezagun batek biltzen du ederki: “Ez zara birritan sartuko ibai berean”. Heraklitorentzat funtsezko gaia sua da, eta haren aldaketa etengabeen bitartez sortzen dira beste gai eta gauza guztiak. Dena isuri aldakor berdin bat da (panta rei, “gauza oro doa jarioan”) eta betiereko bilakabide hori dela medio, gauza guztiak lehen zirenaren kontrako bilakatuko dira: hotza bero, handia txiki bihurtzen da, bizidunak hiltzen dira. Aurkakoen arteko borroka horren bidez gertatzen da guztia: “Gauza ororen ama eta erregina gerra da”. Sofistek, estoikoek, Aristotelesek eta Platonek pentsamendu horren eragina jaso zuten. Hegelek estimu handian zuen. Dialektika modernoaren aitatzat jotzen da Heraklito.