Guillermin, John
Britainiar zinemagilea (Londres, 1925). Bigarren Mundu Gerran egin zituen zinemagintzan lehen urratsak, Frantzian dokumentalak filmatuz britainiar indar armatuentzat. Hollywoodera jo zuen gerora, eta lehenbiziko filma (1951, Lau egun) antzerki obra baten egokitzapena izan zen. Ostera haurrentzako filmak (1954, Abentura Hopfieldsen), komediak (1952, Miss Robin Hood) eta thrillerrak (1950, Bi lagun parrandan; 1960, Ingalatarrerako Bankuaren lapurreta) egin zituen, besteak beste. 1959an Tarzanen abentura handia filmatu zuen (Sean Connery zen protagonistetako bat), eta 1962an Tarzan Indian. Gerrako filmak ere egin zituen (1966, Arrano urdinak). Arrakasta eta ospea film katastrofista batek ekarri zion, 1974an: Dorre puntako infernua. Handik lau urtera Oscar sari bat (efektu bereziena) eskuratu zuen bere film batek: King Kong. Urte berean (1978) egin zuen Heriotza Nilon, Agatha Christieren eleberri ezagun batean oinarritua: jantzi hoberenen Oscarra eman zioten. Beste film aipagarri batzuk: Hegazkin bahiketa (1972), Shaft Afrikan (1973), King Kong II (1987).