Guimerà, Àngel
Kataluniar antzerkigilea (Santa Cruz Tenerifekoa, 1845 - Bartzelona, 1924). Kataluniako Pizkundeko antzerkigile nagusia izan zen, eta nazioartean ezagunena. Eragin erromantikoa antzematen zaio bere lanetan, Victor Hugoren eta Shakespeareren bidetik. Gai historikoak erabiltzen ditu sarri, lehen lanetan batez ere, nahikoa era librean bada ere. Horren erakusgarri dira Mar i cel (1888) eta Rei i monjo (1890) antzerki lanak. 1890az gero, bertsoa utzi eta hitz lauz idazten hasi zen, eta Erdi Aroko gai historikoaren ordez Kataluniako arazoak, era mitiko batean, hartu zituen oinarritzat. Garai horretakoa da Guimerà-ren lan nagusia, Terra Baixa (1897). Harenak dira halaber: María Rosa (1894) eta La filla del mar (1900).