Guerrero López, Julen
Bizkaitar futbolaria (Portugalete, 1974). Athleticen mintegitik irtendako jokalaria. 1991-1992 denboraldian Bilbao Athleticen aritu ondoren, 1992. urtean debutatu zuen lehen mailako taldearekin. Lehen denboraldi hartan 37 partida jokatu zituen, eta hamar gol egin. 1995ean, kanpotik heltzen zitzaizkion proposamenei jaramon egin gabe, 2007. urtea arte luzatu zuen Athleticekin zuen kontratua. 1997-1998 denboraldia izan zuen onena. Ligan bigarren sailkaturik, hurrengo urtean Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera izan zuen. Erdilaria zen, kapitaina eta bere taldeko jokalaririk kuttunenetakoa. Hala ere, 2000tik aurrera, Guerreroren izar-distira bat-batean itzali zen, Luis Fernandez entrenatzaileak talde titularretik baztertu zuelarik. Europako jokalari onenetako bat izatetik bere errendimenduan gorabehera handiak izatera igaro zen. 2002tik aurrera, 15 bat partida jokatu zituen urtean. Bere kirol ibilbidean, 14 denboraldi egin zituen guztira lehen mailan, 356 partida jokatu zituen, eta 101 gol sartu. Espainiako eta Euskadiko selekzioekin ere hainbat partida jokatu zituen. 2006ko uztailaren 11n erretiratu zen.