Guerra, Ruy
Brasildar zinemagilea (Lourenço Marques, Mozambike, 1931). Afrikan jaio zen, baina 1950eko hamarkadaren amaiera aldera Brasila jo zuen, eta bertako zinemagintza berriaren ordezkari nagusia bilakatu zen. Aipagarria du Fusilak (1964), bere lehenbizikoetako filma, non giza ehizaren krudeltasuna plazaratzen duen. G. García Márquezen obra ezagun bat ere eraman zuen zinemara –Erendira, 1983–, eta Chico Buarque abeslari famatuaren ingurukoa du azkena –Estorvo, 2000–. Antzezle lanik ere egin izan du inoiz (Werner Herzogen Agirre edo Jainkoaren haserrean, adibidez), baita kantu herrikoiak konposatu ere. Aipagarriak ditu beste film hauek ere: Ehiztari samurrak (1969), Jainkoak eta hilak (1970), Colombina ederraren alegia (1990).