Guerrero, Luis Beltrán
Venezuelar poeta eta saiakeragilea (1914-1996). Haren obran, hala poesia lanetan nola saiakeretan, oso nabaria da klasikoen ezagutza eta Rubén Daríoren eragin estetikoa. Hitz lauzko lanetan era askotako gaiez idatzi zuen. Aipagarria da, adibidez, Venezuelako ideien historiari eskainitako lekua Perpetua heredad (1965, Landa betierekoa) liburuan. Politikari buruzko saiakerak El tema de la revolución (1970, Iraultzaren gaia) liburuan bildu zituen. Liburu horrek Literaturako Sari Nazionala irabazi zuen argitaratu zen urtean bertan. Estetikaz eta literaturaz ere idatzi zuen: Humanismo y romanticismo modernistas (1978, Humanismo eta erromantizismo modernistak). Bestalde, eguneroko bizitzari buruzko kronika bat idatzi zuen: Candideces (1962-1995, Lañotasunak). Poesia ez zuen hainbeste idatzi, baina hitz lauzkoa adinakoa da kalitatez: Secretos en fuga (1942, Sekretuak ihesbidean), Posada del Ángel (1954, Aingeruaren ostatua), El Visitante (1958, Bisitaria), Tierra de Promisión (1959, Agindutako lurra), Poesía electa (1962, Poesia hautatua) eta Obra Poética (1977, Obra poetikoa). Saiakera lan guztiak Prosa crítica (1983, Prosa kritikoa) liburuan bilduta daude, eta bere literatura lanak, berriz, Ensayos y poemas (1994, Saiakerak eta poemak) liburuan.