Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gueñes

Bizkaiko hego-mendebaleko udalerria (Enkarterri eskualdea). Güeñes du izen ofiziala. Mugak: iparraldean Galdames, ekialdean Barakaldo eta Okendo (Araba), mendebalean Zalla, eta hegoaldean Gordexola. Garaiera, 81 m. 41,49 km2. 1997ko datuen arabera, 5.882 biztanle ditu (gueñestarrak). Honako herrigune hauek osatzen dute udalerria: Gueñes (herriburua), Jara, La Cuadra, Lasier, Muñikar, Santxosolo-San Pedro Goikourikoa, Sodupe eta Zaramillo. Kadagua ibaiak eta honen ibaiadar batzuek zeharkatzen dute Gueñesko udalerria. Hizkuntza, gaztelania. Hizkuntza banaketa, 1996an: 470 euskaldun, 1.069 ia euskaldun eta 4.292 erdaldun. Industria (altzairugintza, doikuntza industria, zurgintza; beharginen % 55) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak; beharginen % 29) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira Erdi Aroko San Bizente parrokia (XVIII. mendean eraberritua), San Lorenzo de Bermejillo-ko ermita erromanikoa, La Cuadra auzoko San Pedro ermita, Goikouriako San Pedro ermita, Santa Maria parrokia gotikoa (1170-1214), Santxosolo dorretxearen ondoko San Martin ermita, Lazkanotarren dorretxea, Salcedotarren dorretxea eta ondoko San Pedro ermita, Sodupeko Romarate edo Puente dorrea, Santxosoloko talaia, eta Salcedo de la Jara familiaren dorretxea. v Historia. Gueñes eta Zallako auzoek Bizkaiko Enkarterriko Salcedo izeneko haran zaharra osatzen zuten XII. mendean, Asturiasko erresumaren eraginpean. Erdi Aroan gudu latzak gertatu ziren Gueñesko inguruetan ahaide nagusien artean eta garai hartakoak dira Salcedo, La Cuadra, Santxosolo, Lazkano, Jara, Romarate, Ondorrotz eta Arangoitiko dorretxeak. Bizkaiko Jaurerriari lotu zitzaion Gueñes 1642. urtean, eta 1740-1780 urteetan guztiz zailak izan ziren Gueñesen, eta Enkarterriren, eta Bizkaiko Jaurerriaren arteko harremanak, ekonomia arrazoiak zirela medio.