Guelfoak eta Gibelinoak
Erdi Aroko bukaera aldean, kontrako talde politikoak Alemanian eta Italian. Izen horiek erabiltzen ziren Aita Santuaren aldekoak (Guelfoak) eta enperadorearen aldekoak (Gibelinoak) izendatzeko, aitasantutzaren eta Germaniako Erromatar Inperio Santuaren artean izan zen borroka luzean. Elkarren etsai ziren bi alemaniar familia ere izendatzen zituzten, Welf edo Guelph etxekoak eta Hohenstaufen-goak. Alemanian etsaigoa Henrike IV.a enperadorearen garaian hasi zen, eta ez zen bukatu Otto IV.a enperadore hautatu zuten arte. Italian XIII-XV. mendeen artean izan ziren guduak; han nazio osora hedatu zen bi taldeen etsaigoa. Gibelinoak ziren Ezzelino da Romano eta Visconti familiak Milanen; Milan bera Guelfoa zen, eta baita, oro har, Florentzia eta Genoa ere. Cremona, Pisa eta Arezzo nagusiki Gibelino ziren. Venezia neutrala izan zen.