Gueidar, Aliev
Azerbaijandar politikaria (Nakhitchevan, 1923 - Clevenland, 2003). Sobiet Errepublika Sozialisten Batasuneko (SESB) lehendakari ohia. Kremlinera iritsi baino lehen (1982), Azerbaijango Estatuko Segurtasun Batzordera (KGB) eta polizia erakundeetara lotuta egon zen bere karrera politikoa. 1964an, Tsvigun jeneralaren agindupean, Azerbaijango KGBko lehendakariorde izendatu zuten, eta Segurtasun Batzordeko Lehendakari 1967an. Karguan egon zen bi urteetan krimen antolatuaren aurka arrakastaz borrokatu izanaren ospea izan zuen. 1969an Azerbaijango Alderdi Komunistaren Idazkari nagusi izendatu zuten. 1982an Kirilenkoren lekua hartu zuen Politburon, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako zuzendaritzan. 1982ko azaroan SESBko lehendakariorde izendatu zuten, eta gobernu sobietarraren kontseilari gero. 1987ko urrian, osasun arazoak zituela eta, Politburoko kargutik kendu zuten, eta bi urte geroago, 1989ko apirilean, Politburoko beste bi kide ohirekin batera, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako Batzorde Zentraleko karguen dimisioa eman zuen. 1993an, Azerbaijanek independentzia eskuratua zuela, herrialde hartako lehendakari hautatu zuten, eta kargu horretan jardun zuen 2003ra arte.