Guam
Mariana uharteetako handiena eta biztanle gehien dituena, uhartediko hegoan (Mikronesia). 549 km2. 105.979 biztanle (1980). Hiriburua: Agana. Hizkuntzak: ingelesa (ofiziala), txamorroa. Sumendi jatorriko uhartea da, eta inguruetan koralezko arrezifeak ditu. Uharteko lur gehienak oihanez estaliak daude. Klima tropikokoa da, eta bero hezea da hangoa. Oso lurralde pobrea da, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren bertan jarri ziren base militar batzuk. Turismoa diru iturri nagusietako bat da. 1950etik aurrera, bertako biztanleak Estatu Batuetako herritar dira, baina ez dute, hala ere, Estatu Batuetako hauteskundeetan botoa emateko eskubiderik. v Historia. Magallanes-ek aurkitu zuen uhartea 1521ean, eta 1668an heldu ziren lehen espainiar misiolariak. 1898an, Parisko hitzarmenaren bidez, Estatu Batuen eta Espainiaren arteko gerra bukatutzat eman zen, eta Estatu Batuek beretzat hartu zuten Guam uhartea. Bigarren Mundu Gerran japoniarrek hartu zuten 1941ean, baina amerikarrek berriro hartu zuten 1944an, eta Japoniaren kontrako gerra bukaeran base militar bihurtu zen. Estatu Batuek Itsaso Barean duten base nagusienetako bat da, eta Vietnamgo gerran bonbardaketarako garrantzi handiko basea izan zen.