Griffith, Dolores Florence
Estatubatuar atleta (Los Angeles, 1959 - Mission Viejo, 1998). Zazpi urterekin hasi zen lasterketetan parte hartzen. Hogei urte zituela, atletismoa utzi behar izan zuen familia aurrera atera ahal izateko. Baina Bob Kersee entrenatzaile ospetsuak beka bat lortu zion UCLA Unibertsitaterako, eta 1984an, Los Angeleseko Olinpiar Jokoetan, urrezko domina lortu zuen 20 metroko lasterketan. Florence Griffith oso ezaguna egin zen bere makillaje ikusgarriarengatik, eta batez ere zerabiltzan azazkal izugarri luzeengatik. 1987an, Erromako Munduko Txapelketan, zilarrezko domina lortu zuen. Ben Johnson lasterkariaren gomendioz, giharrak indartzeko programa trinko batean parte hartu zuen, eta programa hura bukatuta, sekulako markak lortu zituen: 10.49 segundo 100 metrotan (gizonezko askoren marka hoberenetik gora), Seul-eko Olinpiar Jokoetarako hautaketa probetan. Seulen, 1988an, 100 metro, 4 x 100 eta 200 metroko lasterketak irabazi zituen, baina Ben Johnson doping egiteaz akusatu zutenean, zalantzan jartzen hasi ziren Griffithen markak. Hurrengo urtean bertan erretiratu zen, mediku kontrol derrigorrezkoak ezartzeko bezperetan. Atletismoa utzita, arropa diseinatzaile gisa hasi zen lanean, eta haurrei laguntzeko programa askotan parte hartu zuen. 1996an, bere burua prestatzen hasi zen berriro Atlantako Olinpiar Jokoetan parte hartzeko, baina eskuineko zangoan min hartuta, bertan behera utzi behar izan zuen ahalegina. 38 urterekin hil zen, garuneko apoplegiaz.
- greziar
- greziera
- Grieg, Edward Hagerup
- Griffith, Arthur
- Griffith, David Wark
- Griffith, Dolores Florence
- grilido
- grilotalpido
- Grillparzer, Franz
- Grimaldi
- Grimaldi