Goyheneche edo Goinheix, Bernard de
(Matalas deitua). Zuberoako apaiza (Mitikile, XVII. m. - Lextarre, 1661). Bordelen egin zituen apaiz ikasketak. Mitikile bere herriko erretorea zen, nobleen aurkako borrokari ekin zionean (1661eko ekaina). Errege borboitarren neurri gero eta zentralistagoen arabera, Zuberoako foruari zegozkion eskubideak murrizteaz gainera (herriak zuzenean aukeraturiko ordezkarien aginte maila eza, gehiegizko zergak,…), herri lurrak nobleen artean banatzeko joera zabaldu zen, benetako agindu baten modura, «lursailik ez jaunik gabe» printzipio feudalaren ildotik. Zuberoako Gorteetan, hirugarren estatuko ordezkariek egoera hori zuzentzeko egindako saioek huts eginik, Matalas apaiz kartsu eta hizlari trebeak hartu zuen laborariak neurri haien aurka gidatzeko ardura. Herriak Irabarneko silviet edo hirugarren estatuko biltzarrean zuzenean hautaturiko ordezkari gehienak aldeko zituen hasieratik. Elizako hierarkia, bestalde, aurkako izan zuen beti Matalasek. 1661eko ekainean hasi zen Matalasen matxinada. Nobleak eta Mauleko burgesia zituen etsai Matalasek eta haien aurkako erasoa jo zuten bildutako lauzpabost mila lagunek. Sohütako etxe batzuk erre eta Mauleko hiria eta gaztelua setiatu zituzten matxinatuek. Zuberoako nobleek Bordeleko parlamentuko militarren laguntza eskatu zuten eta, bitartean, herri antolamenduko moldeak bermatzen saiatu zen Matalas laborariek kontrolatzen zituzten herrietan. Urriaren 12an gudukatu ziren Sohütan Matalasen laborariak, armarik gabe ia, eta Bordeletik bidalitako 100 zaldizko eta 400 oinezko gudari guztiz armatuak, Calvo izeneko mertzenarioa buru, Zuberoako nobleek lagunduta. Nobleek arras menderatu zituzten laborariak. Ihes egitea lortu zuen Matalasek, baina Jentańeko dorretxean, Urdinarbeko herritik hurbil, hartu zituzten preso Matalas eta bere laguntzaile hurkoak, eta Mauleko gaztelura eraman. Epaitu ondoan, urte bereko azaroaren 8an hil zituzten Matalas eta Roquehort Ibar Ezkerreko degâ edo ordezkaria. Herio zigorra eman zuten epaileek harrapatu ez zituzten beste zortzi lagunentzat eta bizitza guztiko galeretara kondenatu zituzten beste hiru, Matalasen iloba bat tarteko. Burua moztuta hil zuten Matalas Lextarreko plazan eta bolada batez ezarri zuten haren burua Mauleko sarreran, jende guztiaren erakusgarri. Bernard de Goyhenechek gidaturiko matxinadaren ondoren, nobleen agintea areagotu zen Zuberoan eta neurri handian ahuldu ziren Zuberoako antzinako herri eskubideak. Nolanahi ere, bizirik iraun du gaur egun arte Matalasen irudiak (Etxahun Iruri koblakari handiak pastoral bat eskaini zion 1955. urtean, Matalaz, Eskiula herrian antzestua) eta gaur egungo ideologia abertzalearen begietan, Zuberoako, eta Euskal Herriko, izatearen eta herriaren interesen defentsan jardun zuen heroi handi bihurtu da.