Goyeneche, Roberto
(“El Polaco” deitua). Argentinar tango egile eta abeslaria (Buenos Aires, 1926 - Buenos Aires, 1994). Baritonoa, bere ahotsaren tinbreagatik herri tradizioak “tangoaren ahostzat” zeukana. Kantatzeko molde tradizionala hitzak ebakitzeko modu berezi batez hornitu zuen, bai melodiaren ildoa bai literatura testuaren ideiak azpimarratuz. Haurtzaroan Buenos Airesko herri musika bizi izan zuen, eta gaztaroan tabernaz taberna kantatatu zuen, bere garaiko artistek ohi zuten bezala. 1953. urtetik aurrera, Horacio Salganekin batera, “Alma de loca”, “Siga el corso”, “Margarita Gautier” eta “Nunca tuvo novio” abestu zituen besteak beste. 1955etik 1964ra, Aníbal Troilorekin abestu zuen, arrakasta handiko abestiak abestu ere: “Bandoneón arrabalero”, “Cantor de mi barrio” eta “Barrio pobre”, besteak beste. Handik hara, bakarka aritu zen, eta ospe handia izan zuen Argentinan eta Argentinatik kanpo ere.