Goyeneche Gaston, Juan de
Nafar administrari, idazkari eta negozio gizona, Francisco Xavier-en aita (Arizkun, 1656 - Madril, 1735). Oso gazte zela Madrilen jarri zen bizitzen eta historiako ikasketak egin zituen bertan. Karlos II.ak diruzain izendatu zuen eta beste kargu garrantzitsuak eskaini zizkion ondoren (Karlos II.aren bigarren emaztearen eta Filipe V.aren emazteen diruzaina izan zen). Harreman hauei esker, merkataritza operazio garrantzitsuak egin zituen Goyenechek. La Gaceta de Madrid Espainiako lehen egunkaria sortu zuen 1697. urtean. Ontziola batzuen jabe zen garai hartan eta zuhaitzak moztu eta zura kostaldera garraiatzeko bitarteko berriak egokitu zituen. Honez gainera, herri berri bat sortu zuen, Madrildik 50 kilometrora, Jose de Churriguera arkitektoaren zuzendaritzapean (1709-1713), eta Nuevo Baztan izena eman zion. Beira tratatzeko lantegi moderno bat eraiki zuen bertan eta ehunak, larruak, papera eta likoreak landu eta ontzeko olak sortu zituen han eta hemen. Literaturazalea zen, eta idazle batzuk babesteaz gainera, Antonio de Solís Indietako kronikariaren biografia bat (1692) eta bere sorterriari opaturiko Executoria de la nobleza, antigüedad y blasones del Valle del Baztan, que dedica a sus hijos y originarios Juan de Goyeneche obra (1685) idatzi zituen. XVII. mendean Frantziako borboitarren gortean mugitu ziren ministroen jarraitzailea izan zen Juan de Goyeneche Espainiako gortean, Austriako etxea amaitu eta Borboikoa erregetzan hasi zen garai hartan. Francisco Xabier de Goyeneche bere semeak jarraitu zuen obra hori.