Gorteak, Nafarroako
Nafarroako erresumako erakunde politikoa. Erregeak deitzen zien gorteetara hiru estatu nagusietako ordezkariei (nobleak, eliza eta burgesia), erresumako arazoak tratatzeko. Erakunde hau XI. mendean hasi zen osatzen eta XIV. mendean egituratu zen Nafarroako gizarteko sektoreen ordezkari gisa. XIII. mendean, Champagneko etxea Nafarroako koroaz jabetu ondoren (Teodebaldo I.a, 1234), aitonen semeen eta zaldunen, hirietako burgesen eta eliz hierarkiaren ordezkariak bildu ohi ziren erregea hil eta gero, haren kargua hartuko zuen ondokoak estatu bakoitzari zegozkion foruen aldeko zina egin zezan. Gero eta maizago egin ziren bilkura hauek eta 1329. urtean, gorte horietara bildutako ordezkariek berek hautatu zuten erregina (Joana II.a, Filipe III.a Evreuxkoaren emaztea), beste erregegaiaren hautua baztertu ondoan. Erregina honek berak eman zion erakunde egitura ohiturazko gorte hari, eta hiru estatuak hasi ziren legera parte hartzen, hasierako Gorte Nagusiaren ordez (Nafarroako hamabi handiki aberatsen batzarrea. Justizia erakunde nagusi bihurtu zen aurrerantzean Gorte Nagusia). Handiki aberatsek, aitonen semeek eta zaldunek osatu zuten nobleen eta militarren estatua (hogeita hamasei ordezkari hasieran). Estatu berezirik gabe geratu ziren hidalgoak edo noble txikiak. Nafarroako kondestablea izan zen nobleen estatuko buruzagia, XV. mendetik aurrera. Talde itxia eta indartsua osatzen zuen Elizako hierarkiak, hasieran: Iruñeko apezpikua, Iruñeko, Orreagako eta Tuterako kalonje-buruak, Jerusalemgo San Joango Ospitalarien priore nagusia eta Leire, Iratxe, La Oliva, Irantzu, Fitero, Montearagon eta Urdazuriko monasterioetako abadeak. Hirietako ordezkariek osatzen zuten hirugarren estatua. Burgo eta hiri hauetako ordezkariak ziren, hasieran: Iruñeko San Fernin, San Nikolas auzoetako eta Nafarreria edo hiri zaharreko ordezkariak, Lizarra, Tutera, Zangoza, Erriberri edo Olite, Gares, Urantzia, Viana, Guardia, San Vicente de la Sonsierra, Donibane Garazi, Auritz, Elo, Irunberri, Larrasoaña, Atarrabiako hirietako ordezkariak. Agilar-Arranotegi, Bernedo, Torralba, Esprontzeda eta Lanzko ordezkariek ere parte hartzen zuten zenbaitetan. Gorteetatik kanpo geratzen ziren errege hiriak eta laborari ez nobleak; errege-erreginaren manupean zeuden hauek. Erregeak deitzen zien gorteetara (Nafarroa Garaian erresuma galdu zenean, erregeordeak bete zuen askotan beharkizun hori, Gaztelako erregeak horretarako baimena eman ondoren) eta, bildu ondoren, Nafarroako Forua zin egiten zuen erregeak. Forua aldatzeko edo hobetzeko, hiru estatuen baimena behar zuen erregeak, ez zuen aski bi estatu bere alde edukitzea. Nafarroako Gorteak foruaren babesaz arduratzen ziren, legeak xedatzen zituzten (erregeak berez ez zezakeen inolako legerik xeda), zergak ezartzen eta foru-hausleen aurkako neurriak hartzen. Eztabaidak batera egiten zituzten hiru estatuek, baina botoa nork bere aldetik ematen zuen. 1501. urtean sortu zen Erresumako Diputazioa, Gorteen momentuoroko ordezkaritza gisa. Gaztelako koroak Nafarroako erresuma konkistan hartu ondoren (1512-1515), aldakuntza handiak izan ziren Nafarroako Gorteetan eta hiru estatuetan. Murriztu egin zen eliz ordezkarien kopurua, handitu egin zen nobleen kopurua eta sarrera egin zitzaion Gaztelaren aldeko militar handi askori eta emendatu zen ordezkatutako hirien kopurua (38 gehiago XVIII. mendean). XVI. mendea arte, urtean behin biltzen ziren gorteak gutxienez; 1513-1829 urteen artean, ordea, 75 bat alditan bildu ziren gorteak, hamar-hamabost aldiz urtean XVII. mende erdialdetik aurrera. Desagertu ziren arte (1841), tirabira handiak izan ziren Nafarroako Gorteen eta Espainiako erregeen eta erakunde gorenen artean. XVIII. mendearen hasieran, politika zentralistagoak ezarri zituen Filipe V.a errege borboitarrak eta, Katalunian, Aragoin eta Valentzian ez bezala, Nafarroako erakundeak errespetatu zituen arren, saiatu zen murrizketa batzuk egiten. XVIII. mendean guztiz ahuldu ziren Nafarroako Gorteak, Madrilgo koroaren eraginaren mendean. 1794. urtetik aurrera, Nafarroako erakundeen aurka jo zuen bete-betean Godoy ministro espainiarrak. 1810-1814 bitarteko urteetan desagertu ziren Nafarroako Gorteak (Espainiako konstituzio liberalak balio gabe utzi zituen 1812an). 1814. eta 1824. urteetan berrezarri zituen Fernando VII.ak Nafarroako Gorteak. 1841. urtean desagertu ziren Nafarroako Gorteak. Nafarroako Diputazioan zeuden liberalek berek bultzatu zuten neurri hau.