Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

gonfaloniero

(Eusk. «banderaduna»). iz. Erdi Aroko Italian, hiri, udal batzar, estatu edo oste bateko bandera (gonfalon deitua) zeramana. v Italian, Erdi Aroko estatu-hirietan, gonfalonieroak lehen mailako magistratu kargua izaten zuen. Florentzian, 1250. urte inguruko gonfalonieroak (gonfalonieri di compagnia) herri-osteen buruzagi izan ziren. 1280. urtetik aurrera, justiziaren kargu jarri ziren (gonfalonieri di giustizia), agintari ahalguztidunei aurre egiteko eta herritarren eskubideak babesteko; titulu horren jabea, Florentzian, legea betearazteko batzordeko kide nagusi eta administrazio zibilaren buru izaten zen. Italiako beste hiri batzuetako gonfalonieroak Florentziakoaren antzeko eginkizuna zuen. Aita Santuak, bestalde, Elizaren interesak zaintzen zituzten agintariei elizako gonfaloniero (vexillifer ecclesiae) ohorezko titulua eman ohi zien. Frantziako erregeei ere, denbora luzean, San Denis-eko gonfaloniero titulua eman zitzaien.