Góngora y Argote, Luis de
Espainiar idazlea (Kordoba, 1561 - Kordoba, 1627). Salamancan zuzenbide ikasketak egin zituen, eta apaiztu bazen ere, ez bide zituen apaizari dagozkion betebeharrak behar bezala bete, Kordobako gotzainak kargu hartu zionerako (1587). XVI. mendearen bukaera aldera Espainiako zenbait hiritan hara hona ibili zen kabildoak hala aginduta. Garai hartan sortu zen bere etsaigorik handiena, Quevedorena, hain zuzen, geroago kulteranismoaren eta kontzeptismoaren arteko borroka ekarri zuena. 1617an Madrila joan eta erregeak eta handikiek babestu bazuten ere, beti pobrezian bizi izan zen, jokorako zuen zaletasuna zela eta. 1627an, Filipe IV.arekin Aragoin zebilela, gaixotu eta Kordobara itzuli eta han hil zen. Romances, erlijiozko, satiriko, zalduneriako eta maitasunezko gaiak oinarri dituen obra idatzi zuen; 121 letrilla eta beste obra labur batzuk, 167 soneto, etab. Baina Góngoraren muina bi poema luze garrantzizkoetan dago: Fábula de Polifemo y Galatea (1613) eta Soledades (1614). Obra horretan, lehen aldiz Espainian, poesiari berari buruzko hausnarketa agertzen da. Hizkuntza trinko zail baten bidez musikaltasun handia lortzen du. Soledades da Góngoraren maisu lana. Erabiltzen zituen metafora, metonimia, hitz joko, sinekdoke, hiperbaton eta neologismoek obra guztiz hertsia bideratzen dute, eta poesiaren edertasun formala areagotzen. Góngoraren herri olerkien zabalkunde handia gorabehera, idazlan jasoenen eragina XIX. mende bukaera (sinbolistak) eta XX. mendearen hasiera arte (27ko belaunaldia) ez zen gauzatu. Góngora da, Quevedorekin batera, Espainiako Urrezko mendean idazle nagusia.
- Göncz, Arpad
- gondola
- Gondwana
- gonfaloniero
- gong
- Góngora y Argote, Luis de
- Gongora
- gongotzon
- gonia
- gonidio
- goniografo