Goldman, Jean-Jacques
Frantses musikagilea eta interpretea (Paris, 1951). Gaztetan biolina eta pianoa ikasi zituen, eta Aretha Franklin entzunez ezagutu omen zuen blues-a. 1967an Phalanster taldea sortu zuen, eta ondoren Tai Phong taldea. Azken horrekin hiru disko egin zituen 1975-1979 bitartean. Bakarka egin zuen lehenengo diskoak arrakasta handia izan zuen (1981). 1982an beste disko bat kaleratu zuen, zeinean erakutsi baitzuen egile gisa duen gaitasuna eta bere musika nortasuna, 1970eko hamarraldiko musika anglo-saxoitik jasotako musika: Au bout de mes rêves (Nire ametsen bukaeran), Comme toi (Zu bezala), Quand la musique est bonne (Musika ona denean). Ondorengo diskoek oso harrera ona izan zuten entzuleengan eta kontzertu ugari eman zituen.