Goldberg, Whoopi
(Jaiotza izena, Karyn Johnson). Estatubatuar antzezlea (New York, 1954). Brodwayn hasi zuen bere karrera, antzerki obra musikaletan parte hartuz; besteak beste, Hair, Jesus Christ Superstar eta Pippin rock operetan parte hartu zuen, koruko abeslari gisa. 1974. urtean Kaliforniara aldatu zen, eta 1983an eta 1984an The Spook Show ikuskizunean bakarlari gisa egindako lanari esker lortu zuen ospea. Izan ere, Mike Nichols ekoizleak obra hura ikusi eta Broadwayra eraman zuen, Whoopi Goldberg izenburuarekin. Lan harekin Steven Spielberg zuzendariaren arreta erakarri zuen, eta hurrengo urtean, 1985ean, Purpura kolorea filmean lan egiteko aukera eskaini zion Spielbergek. Hura izan zen Goldbergek zinemaren alorrean egindako lehenengo interpretazioa, baina bere dohain dramatikoak erakutsi zituen bertan, eta bigarren mailako emakumezko antzezlerik onenaren Oscar sarirako izendatu zuten. Ordukoan ez zuen Oscar saririk irabazi, baina bai 1990. urteko edizioan, Ghost, maitasunaz haraindi filmean egindako lanari esker. Dena dela, Whoopi Goldberg umorezko fimetan egindako lanetan nabarmendu da, batez ere, eta 1980ko hamarraldiko antzezle komiko handienetakotzat hartua da. Komediaren alorrean aipagarriak ditu Jumping Jack Flash (1986), Eskandalua platoan (1991), Sister Act (1992), Made in America (1993) etab. Telebistarako zenbait lan egin ditu, Star Trek: belaunaldi berria sailean esaterako.