Goldschmidt, Berthold
Alemaniar jatorriko musikagile eta orkestra zuzendari britainiarra (Hanburgo, 1903 - Londres, 1996). Berlinen egin zituen musika ikasketak, Franz Schreker maisu zuela, eta Mendelssohn saria eman zioten 1925ean Passacaglia obragatik. Opera bat ere egin zuen sasoi hartan: –Der gewaltige Hahnrei (1932, Aker handia)–. Naziek Alemaniako boterea eskuratu zutenean Ingalaterrara alde egin zuen, judua baitzen. Beste zenbait obraz gainera, Chronica ballet antifaxista egin zuen (1939), eta 1949an beste opera bat: Beatrice Cenci. Alabaina, Goldschmidten musikak ez zuen sasoi hartan arreta handirik erakarri, eta 1980ko hamarkada arte itxaron behar izan zuen kritikaren eta entzuleen txaloak jasotzeko: 1988an eskaini zuten lehenbizikoz Londresen Beatrice Cenci, eta Alemanian, Estatu Batuetan eta beste zenbait herritan ere arrakasta handia lortu zuen haren musikak.