Goldoni, Carlo
Italiar antzerkigilea (Venezia, 1707 - Paris, 1793). Legegizona zen bizibidez, baina berrogei urte inguru zituela lan hura utzi eta antzerkiak idazten hasi zen. Commedia dell’ arte deitua gainbehera zihoala konturaturik, eguneroko bizitzako arazoak hartu zituen gaitzat. Jarrera horrek Carlo Gozziren etsaigoa ekarri zion, baina Goldonik bi urte haietan (1749-1750) hamasei komedia plazaratuz erantzun zion. Ordurako prestatuak zituen oso komedia ezagunak: Arlecchino, servitore di due padroni (1745, Arlekino, bi nagusiren zerbitzari, X. Mendigurenek euskaratua); La bottega del café (1750, Kafe sotoa); La locandiera (1753, Ostaliersa) Goldoniren antzerkilan nagusia; Belisario (1756). Gozziren erasoen ondorioz, Venezia utzi zuen 1962an eta Parisa joan zen. Frantsesez ere idatzi zuen (Le bourru bienfaisant, 1771, Gizon petral ongilea, esaterako, eta bere memoria liburua). Printzeen irakasle izan zen, eta Iraultza garaian, pobre hil zen. Harenak dira La vedova scaltra (1748, Alargun azkarra), La buona moglie (1749, Emazte ona), Il campiello (1756, Baratzatxoa), Le baruffe chiozzotte (1762, Chioggiako sesioak) eta Il ventaglio (1765, Haizemailea).