Ginzburg, Natalia
Italiar idazlea (Palermo, 1916 - Erroma, 1991). Einaudi argitaletxean lan egin zuen; argitaletxe haren sortzaileetako bat izandako Leone Ginzburg militante antifaxistarekin ezkondu zen. Erbestean bizi behar izan zuen 1040-1943 bitartean, eta 1942. urtean Gestapok senarra atxilotu, torturatu eta hil zion Erroman. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Einaudi argitaletxean hasi zen berriro lanean, eta 1950ean bigarrenez ezkondu zen Gabriele Baldini idazlearekin. Natalia Ginzburgen lehenengo lan aipagarriak ipuinak izan ziren, 1933. urtean Solaria aldizkarian argitara emanak. Senarra hil zioten urte berean argitaratu zuen bere lehenengo eleberria, Hirirako bidea, Abruzzi eskualdean erbestean bizi zen garaian idatzia. Ginzburgek eleberri neorrealistak idatzi zituen, eta nabarmenak dira haietan ironia, jakinduria, argitasuna eta linealtasuna. Bereziki azpimarratzekoa da Ginzburgek familia bizitza deskribatzeko zuen trebetasuna; familiarteko harremanak aztertu zituen, batez ere emakumeak harreman horietan betetzen duen zeregina. Horixe izan zen, hain zuzen ere, bere lanetako gai nagusia, eta bai gaiagatik eta bai bere estilo informalagatik bere obrak eragin handia izan du italiar idazlee gazteengan. Lehen aipatutako obraz gainera, ondoko hauek ere idatzi zituen: Horrelaxe izan da (1947), Gure atzo guztiak (1952), Valentino (1957), Gaueko ahotsak (1961), Familia lexikoa (1963), Ez galdetu sekula (1970), Michele maitea (1973), Bizitza imaginarioak (1974), Manzoni familia (1983), Hiria eta etxea (1984). Ipuinak eta eleberriak ez ezik, saiakerak eta antzerki lanak ere idatzi zituen.