Getxo
Bizkaiko ipar-mendebaleko hiria, Ibaizabal ibaiaren bokalearen eskuinaldean (Uribe Kosta). Mugak: ipar eta mendebalean, Kantauri itsasoa eta Bilboko itsasadarra (Ibaizabal ibaiaren bokalea), ekialdean Sopela, Berango, Erandio eta Leioa, eta hegoaldean, Portugalete (Portugalete, Santurtzi eta Zierbena daude itsasadarraren ezkerraldean). Garaiera, 51 m. 11,64 km2. 1997ko datuen arabera, 83.461 biztanle ditu (getxotarrak, getxoztarrak). Herrigune hauek osatzen dute Getxoko udalerria: Algorta (herriburua), Areeta, Neguri, Santa Ana, Erromo eta Getxo. Gobela ibaia igarotzen da udalerritik. Biztanle kopuruari dagokionez Euskal Herriko seigarren udalerria da Getxo. v Hizkuntza. Euskara, bizkaiera, da Getxoko berezko hizkuntza. XIX. mende bukaeran, ordea, euskararen galera areagotu zuten Getxoko gizarte mailan gertatu ziren aldakuntza handiek. Erdara da nagusi egungo Getxon, arian-arian euskara bere lekua berreskuratzen ari den arren. Hizkuntza banaketa, 1996an: 15.539 euskaldun, 22.430 ia euskaldun eta 42.727 erdaldun. v Hiriaren bilakaera eta demografia hazkundea. XIX. mende erdialdea arte, baserriz osaturiko elizate bat zen Getxo. Arrantzale portu txiki bat zegoen Algortan. 1868-1870 urteetan sortu zen Areetako auzo berria, udatiar dirudunentzako etxeak eta egiteko asmoz. Udako etxeak, bainu-etxeak, kasinoa eta hotela eraiki zituzten. 1880-90 urteetan hasi zen Bilbo aldeko goi burgesia Getxora joaten eta 1887an egin zen Bilbo-Areeta burdinbidea. Etxeak egiteko gune handiak zabaldu ziren burdinbidearen ondoan. Lau urte geroago inauguratu zen Areeta eta Portugaleteren arteko zubi eskegi ospetsua. XIX. mende bukaeran kanpoaldeko portuan egin ziren berrikuntzen ondorioz, Areetako plaza desagertu eta bainu-etxeak kostaldeko beste leku batera eraman zituzten. Orduan sortu zen Neguriko auzo aberatsa. 1903an sortu zen “Neguri” elkartea Algorta inguruko hondartzak egokitu eta goi mailako auzo bat hasi zen jasotzen: udako etxeak eta luxuzko eraikuntzak (lehen etxea 1904. urtean hasi ziren eraikitzen). 2.651 biztanle zituen Getxok 1877an, 16.859 1930ean eta 19.309 1950ean. 1960. urtetik aurrera hasi zen Getxoko biztanle kopurua emendatzen. Azken urteetan nabarmen igo da Getxoko biztanleria, eta udalerriaren garapen urbanistikoa ere aipagarria izan da. Bilborekin dituen komunikazioak hobetu ahala, gero eta jende gehiago joan da Getxora bizitzera. Horretaz gainera, azpiegitura berriak ere eraiki dira bertan, hala nola laket-portua. Ekonomia. Industria (altzairugintza, ehungintza, makineria eta kimika; beharginen % 40) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak, udatiarrentzako azpiegiturak; langileen % 58) dira Getxoko ekonomia jarduera nagusiak. Arrantzak ez du garrantzirik eta aisiari begira egokitu dira Algortako portuko instalazioak. Barazkiak lantzen dira batez ere Getxoko baserrietan. Abere hazkuntza oso maila apalekoa da. v Artea. Aipagarriak dira Getxoko Santa Maria eliza zaharra eta Aixerrotako eta Arnabarreko errotak. v Historia. Santa Maria monasterioaren ingurura bildu ziren XII. mendean Getxoko elizateko lehen biztanleak eta parrokia bihurtu zuten eliza. Nekazariek, artzainek, errotari batek eta Algorta auzoko arrantzaleek osatzen zuten Uribeko merindadean zegoen Getxoko elizatea. Bilboko merkataritzak eta itsas jarduerak gora egin zutenean, bultzada handia eman zioten Algortako portuari eta talaiak eta gotorlekuak eraiki zituzten bertan. Getxoko elizate zaharrak, aldiz, XIX. mendearen erdialdea arte baizik ez zuen oparorik eduki, udatiarren turismoa garatzen hasi zen arte hain zuzen. XX. mendearen hasieran, Getxoko herriburu bihurtu zen Algorta. XX. mendearen hasieratik, indar handia izan zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak Getxoko hirian. 1918. urteko udal hauteskundeetan nagusitu ziren nazionalistak eta 1931koetan, erabateko garaipenaren ondoren, Jose Antonio Agirre aukeratu zuten Getxoko alkate (Euskal errepublika aldarrikatu eta foruak deuseztatu zituen legea indarrik gabe uztea eskatu zuen Agirrek alkatetza hartzerakoan). 1937ko ekainaren 15ean sartu ziren frankistak Getxon.