Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Getaria

Lapurdiko kostaldeko udalerria, Donibane Lohizuneko kantonamenduan. Guéthary du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Kantauri itsasoa eta Bidarte; ekialdean, Bidarte; mendebalean, Kantauri itsasoa eta Donibane Lohizune, eta hegoaldean, Ahetze eta Donibane Lohizune. Garaiera, 15 m. 1,40 km2. 1999ko datuen arabera, 1.296 biztanle (getariarrak). Auzo nagusiak: Behereta, Elizaldia, Haizpuru eta Kostaldia. Euskara, lapurtera; euskaldunak, % 22. Turismoa da bertako ekonomia jarduera nagusia. Aipagarria da San Nikolas elizan gorderik dagoen prozesioetarako gurutzea (XIV-XV. m.). v Historia. Portu bat bazegoen Getarian erromatarren garaian, azken urteotan eginiko aurkikunde batek erakusten duen bezala. 1193. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Getariako herria. Getaria Bidarte herriari loturik egon zen 1633. urtean udalerri bihurtu zen arte. Herri arrantzalea izan da Lapurdiko Getaria eta balearen arrantzan nabarmendu zen XIII-XV. mendeetan.