Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Getaria

Gipuzkoako udalerria (Urola Kosta eskualdea). Mugak: iparraldean, Kantauri itsasoa, ekialdean Zarautz eta Kantauri itsasoa, mendebalean, Zumaia, eta hegoaldean, Aizarnazabal, Aia eta Zarautz. Garaiera, 17 m. 11,2 km2. 1997ko datuen arabera, 2.402 biztanle ditu (getariarrak). Auzo nagusiak: Getaria (herriburua), Azkizu, Eitzaga, Meaga eta San Prudentzio. Getariako portuaren bidez lotzen dira lehorreko hiria eta San Antongo uharte ohia (“Getariako Xagua”). Euskara, gipuzkera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 2.170 euskaldun, 144 ia euskaldun eta 40 erdaldun. Arrantza eta hari loturiko kontserba industria (langileen % 80) dira ekonomia jarduera nagusiak, azken urteotan arrantzak behera egin duen arren. Jatorrizko arrantzale kutsuari uko egin gabe, turismoarekin zerikusia duten zerbitzuetara ere bideratu da Getaria azken urteotan, eta horretarako proiektu bereziak bultzatu dira herrian, hala-nola laket-portua eta Cristóbal Balenciaga herriko semeari eskainitako museoa. Oso ospetsua da, bestalde, Getarian egiten den txakolina. Aipagarriak dira Salbatore eliza gotikoa (XIV-XV m.) eta Elkanoren omenez eginiko monumentua (1922). Juan Sebastian Elkanoren jaioterria da Getaria. v Historia. Getariako lurretan kokatu dute aditu batzuek K.a. I. mendean Plinio eta Ptolomeo historiagileek aipatu zuten Menosca hiri barduliarra. Ez da, ordea, hori frogatzeko lekukotza aski oraino aurkitu. XIII. mendearen hasieran (1204-1209) Donostiako foruaren araberako hiri-gutuna eskuratu zuen Getariako hiriak Alfontso VIII.a Gaztelako erregearen eskutik. Getaria hiri eta portu garrantzitsua izan zen XIV. mendea ezkero. 1351. urtean Getariaren eta Ingalaterraren arteko bakea izenpetu zen, bi hauen arteko itsas istiluak zirela eta. XIV. mende bukaeran, Zarautzek (1393) eta Zestoak (1394) Getariarekin bat egiteko eskaera egin eta lortu zuten. Ez zuen lotura horrek luzaroan iraun. 1397. urtean Getariako Salbatore elizan bildu ziren Gipuzkoako Hermandadea osatu zuten hirietako ordezkariak eta bertan idatzi ziren lehen Ordenantzak. 1401. urtean, hiria utzi behar izan zuten Getariako biztanleek izurrite baten ondorioz. Urola ibaiaren eta portuaren erabilerak auzi batzuk ekarri zituen XIV-XV. mendeetan Getariaren eta Zumaiako nahiz Zarauzko hirien artera. XV. mende bukaeran eta XVI. mendearen hasieran eraiki zen San Anton uhartea eta herria lotu zituen kaia. 1597. urtean Getariako 150 etxe suntsitu zuen sute ikaragarri batek (250 etxe zituen orotara). 1628. urtean itsas gudu bat gertatu zen Getariako badian, Frantziako eta Espainiako itsas armaden artean. Erabat deuseztatu zuten Espainiako itsas armada eta Getariako hiria bipildu. Konbentzioko Gerraren garaian (1793) Getariara aldatu zen Gipuzkoako Aldundiaren egoitza. Napoleonen aurkako gerran, galera handiak eragin zituzten bertako kaietan oste frantsesek Getariatik irten zirenean (1813). Lehen Karlistadan (1836-1838), harresiak inguratzen zuen herrigunea suntsitu zuten karlistek, hiria setiatu ondoren (119 etxeetatik 15 baizik ez ziren zutik geratu) eta artxiboa, horrekin batera. Bigarren Karlistadan, zortzi hilabetez inguratu zuten hiria karlistek (1875-1876), baina erasoan eutsi egin zioten getariarrek harresien barnean. 1885. urtean, harresiak botatzea agindu zuen Alfontso XII.a Espainiako erregeak. 1919. urtean inauguratu zen gaur egungo portua (1963, 1967 eta 1991 urteetan egin dituzte berrikuntzak bertan). 1936ko irailaren 21ean sartu ziren Getarian Francoren gudarosteak.