Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gernika-Lumo

Bizkaiko ipar-erdialdeko udalerria (Busturialdea), Oka ibaiak bokalean osatzen duen itsasadarraren sarreran. Mugak: iparraldean, Forua, Kortezubi eta Errigoiti; ekialdean, Nabarniz eta Mendata; hegoaldean, Mendata eta Muxika, eta mendebalean, Muxika eta Errigoiti. Garaiera, 10 m. 25,7 km2. 1997ko datuen arabera, 15.523 biztanle, aurreko erroldan baino ia 3.000 gutxiago (gernikarrak; lumoarrak). Auzo nagusiak: Arana, Kanpatxu, Mendieta, Errenteria, San Pedro eta Zallo. Oka ibaiak zeharkatzen du udalerria hegoalde iparralde. Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 10.705 euskaldun, 2.030 ia euskaldun eta 2.432 erdaldun. v Ekonomia. 1950-60 urteetatik aurrera, demografia hazkunde handia izan du Gernika-Lumoko udalerriak, industriaren suspertzearekin batera. Bertako langile gehienek industrian lan egiten dute (armagintza, altzairugintza, eraikuntza metalikoak, ehungintza, kontserba industria, zurgintza; langileen % 55,5). Zerbitzuen alorrak ere garrantzi handia du (Busturialdea eskualdeko zerbitzuen % 47 biltzen da bertara, langileen % 33,7). Laborantza eta abere hazkuntza beste alorretan lan egiten dutenen bigarren lanbidea da Gernika-Lumon. Bestalde, nekazaritza merkatu guztiz garrantzitsua da Gernika. v Artea. Gernikan monumentu eta eraikuntza aipagarri asko izan dira historian zehar, eta alemaniarrek bonbardatu zutenean horietako asko galdu baziren ere, gaur egun zutik diraute batzuk. Gernikako monumentu aipagarriak dira, besteak beste, XVI. mendeko Andra Mari parrokia gotikoa, San Pedro parrokia, Gorritizeko Andra Mari ermita, Zalloko Santa Luzia ermita, XV. mendeko Santa Ana ermita, Amillagako ermita, Goienkaleko 5. zenbakiko etxea (gaur egungo Gernikako etxe zaharrena) eta Gernikako Batzarretxe ospetsua (1826-1833). XX. mendean desagertu dira Allende-Salazartarren etxea (1916. urtean desagertu zen), Zearreta jauregia (suntsitua), Kartzeltzarra izenaz ezaguna zen jaurerriko espetxea (1937ko bonbardaketan suntsitua, orobat), XVIII. mendeko udaletxea (1937ko bonbardaketan suntsitua) eta hiria osatzen zuten etxe eta eraikuntza gehienak (1937ko bonbardaketan suntsituak). Juntetxearen ondoan dago Gernikako Arbola, Bizkaiko eta Euskal Herri osoko foru askatasunaren ikur nagusia. v Historia. Historiaurrean Gernikan jendea bizi zela adierazten duten aztarnak aurkitu dira, Santimamiñeko leizeko aztarnategian (Kortezubi, Paleolitoa) adibidez. Garai hurbilagoetan, kastroen antzeko bizilekuetan egokitu zen jendea (Kosnoagako kastroa, K.a. 400-200) eta jende hori bera jarri zen harremanetan Gernikaraino iritsi ziren erromatarrekin. Gernikan amaitzen zen erromatarrek hegoaldetik eginiko galtzada bat. Lumo da gaur egungo Gernika-Lumo hiriko alde zaharrena, Gernika Lumoko portuko aldea baizik ez zen. 1366. urtean sortu zuen Tello Bizkaiko kondeak Gernikako hiria, eta Lumoko elizatetik bereizi (arazo ugari izan zen aurrerantzean Lumoko elizatearen eta Gernikako hiriaren artean. 1882. urtean bateratu ziren biak). Nolanahi ere, hiria sortu baino askoz ere lehenagokoa zen Bizkaiko batzarkideek Gernikako Arbolaren ondora biltzeko ohitura, bertan egiten baitziren Jaurerriko Batzar Nagusiak eta bertan zin egiten baitzuten Bizkaiko jaunek lurraldeko forua. XV. mendean, merkataritzagune garrantzitsua zen Gernika, baina hasierako portu txiki hura erabat apaldu zen, Bermeoko eta Bilboko portuen aldean zeregin handirik ez zuela. Bizkaiko ahaide nagusien arteko gudulekua izan zen Gernika XIV eta XV. mendeetan. Bizkaiko foru hiri nagusia izan zen luzaroan, baina arazo handiak izan zituen hiri gisa garatzeko: 1625ean berrogeita sei etxe baizik ez zegoen Gernikan. Honez gainera,ez zuen abantailarik Bilboko hiri boteretsuarekin bat eginda eta 1626. urtean Lumoko elizatearen barnean geratzea eskatu zuen Gernikako hiriak. 1630. urtean erabaki zen Bizkaian hirientzako eta elizateentzako gobernu molde bakar bat ezartzea eta zegoen ataka latz hartatik irten ahal izan zuen Gernikako hiriak. Urte hartatik aurrera hasi zen sendotzen Gernikaren feria hiri izaera, XX. mendea arte gorde duena. Gatzaren matxinadan (1631-1633) eta 1718ekoan (Filipe V.aren aurkako matxinada) parte hartu zuten gernikarrek. XVIII. mendearen hasieran, frantsesen aurkako gerren ondoren, eraiki zen Juntetxe berria (1826-1833), Antiguako Andre Mariaren ermita hondakinen gainean. Borroka ugari izan zen Gernikan 1833. urtean hasi zen Lehenengo Karlistadan, eta Bigarren Karlistadaren garaian zin egin zuen Bizkaiko forua Karlos VII.a erregegaiak (1875). 1888. urteko abuztuan eraiki zen Zornotza eta Gernika bitarteko burdinbidea eta 1893an hedatu zen Bermeoraino. XX. mendearen hasieratik, euskal kulturaren, foruen eta autonomiaren aldeko hainbat ekitaldi egin ziren Gernikan. Gernikako Arbolaren itzalak, Bizkaia ez ezik, iparraldeko eta hegoaldeko euskaldun askoren gogoa hartua zuen aspaldian eta Euskal Herriko askatasunen sinbolo bihurtu zen. 1936ko gerra hasi ondoren, Gernikako Batzarretxean bildu zen lehenengoz Eusko Jaurlaritza (1936ko urriaren 7a). Berehela etorri zen erantzun militarra: Mola jeneralak, Francoren onespenarekin, bere militarrek, italiarrek eta Alemaniako buruzagi naziek elkar hartuta, Gernikako hiria deuseztatzea erabaki zuten eta horretarako astelehena, 1937ko apirilaren 26a, feria eguna alegia, aukeratu zuten herria bonbardatu eta erabat suntsitzeko. Arratsaldean hasi zen bonbardaketa (metraila, bonba astunak eta suzko bonbak) eta bi ordu t’erdiren buruan eman zioten amaiera Legión Condor hegazkin talde naziak eta hegazkin italiarrek eraso hari: han eta hemen ageri ziren gorpu hilak, zibilak gehienak (Gernikan ez zegoen militar edo gudari multzo aipagarririk garai hartan), etxe eta eraikuntza guztiak lur jota zeuden (Juntetxea eta Arbola, hala ere, ez zituzten ukitu) eta han piztu zen suak egin zuen gainerako triskantza. Mila hildakotik gora (Eusko Jaurlaritzaren garai hartako bertako barne txosten baten arabera 1.600 hildako eta 800 zauritu larri) eragin zuen Gernikako bonbardaketa gisa horretako lehen ekintza izan zen munduko historian. Harrezkero giza basakeriak eragin ditzakeen eta inondik inora saihestu behar diren ekintza lazgarrien sinbolo bihurtu da Gernika. Frankistek ez zuten sekula egia onartu nahi izan eta Eusko Jaurlaritzari egotzi zioten Gernikako hondamendiaren errua. Nazi alemaniarrek, ordea, argi erakutsi zuten Gernikakoa bonbardaketa saio zabal bat izan zela, frankisten eta nazien artean prestaturiko erasoa (Nurenberg-eko epaiketa, 1945). 1940. urtean 3.381 biztanle zituen Gernikak 1930ean baino 1.841 gutxiago (% 36). Aldakuntza handiak izan ditu gero Gernika-Lumoko hiriak, hiria goitik behera berritu behar izan baitzen eta, horrez gainera, gero eta garrantzi handiagoa hartu baitu bertako industriak. Nekazaritza feria hiri handia da gaur egun ere Gernika.