Busturialdea
Bizkaia osatzen duten eskualdeetako bat. Udalerri hauek hartzen ditu: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta. 284,2 km2-ko azalera du 1998ko datuen arabera (Bizkaiaren % 13), eta 44.428 biztanle zituen guztira 1997an (Bizkaiaren % 3,14). 17.036 biztanle dituen Bermeo eta 15.325 dituen Gernika-Lumo kenduta, gainerako udalerriak nahiko txikiak dira eta hiruk baino ez dituzte mila biztanle gainditzen: Busturiak (1.682 biztanle), Mundakak (1.805 biztanle) eta Muxikak (1.392 biztanle). ■ Hizkuntzari dagokionez, eskualde erabat euskalduna da Busturialdea. 1996ko datuek adierazten dutenez, urte horretan biztanleen % 77 euskalduna zen. Batez beste, urte hartako erroldak biltzen zituen 43.716 biztanleetatik 33.646k euskalduntzat zuten euren burua, 5.112k ia euskalduntzat eta 4.961ek erdalduntzat. ■ Alor ekonomikoan, udalerri gutxi batzuk bakarrik gainditzen dute Bizkaiaren batez bestekoa biztanleko Barne Produktu Gordinari dagokionez. 1996an 1.920.000 pezetakoa izan zen biztanleko eskualdearen Barne Produktu Gordina (BPG). EAEko indize bateratzailea 100 eta Bizkaikoa 93 izanik, 84 zen indize hori Busturialdea eskualdean. Jarduera industrial ugari hartzen dituen Ajangizen, ordea, gora egiten zuen indize horrek, Bizkaiko eta EAEko batez bestekoak nabarmen gaindituz (411). Muruetak, Muxikak, Sukarrietak eta Foruak ere gainditzen zuten Bizkaiko eta EAEko batez bestekoa, eta gainerako guztiak horien azpitik zeuden. Eskualdea osatzen duten udalerrien egitura ekonomikoa asko aldatzen da batetik bestera. Oro har, Bizkaiko batez bestekoetatik hurbil zegoen 1996an. Izan ere, balio erantsiaren % 37 industriak ekarri zuen urte hartan (Bizkaiko batez bestekoaren gainetik 6 puntutan), eta zerbitzuek % 50 (batez bestekoaren azpitik 9 puntutan). Lehen sektoreak ekarri zuen, bestalde, balio erantsiaren % 5,5 (batez bestekoaren gainetik lau puntu baino gehiagotan), eta eraikuntzak % 7,4. Aldeak, ordea, handiak ziren udalerri batetik bestera. Jarduera industriala Ajangizen, Foruan, Muruetan eta Muxikan zegoen bilduta, eta nabarmen zerbitzuei emandako herriak ziren Bermeo, Mundaka edota Gernika-Lumo. Eskualdeko hainbat herritan aparteko garrantzia zuen lehen sektoreak. Arratzun, Ean, Elantxoben, Ereñon, Kortezubin, Mendatan, Morgan eta Nabarnizen, esaterako, balio erantsiaren % 20 baino gehiago lehen sektoreak ekarri zuen 1996an.