Georgia
(Izen ofiziala, Georgiako Errepublika; Georgieraz, Sakartvelo). Kaukasoko estatua, 1991. urtea arte Sobietar Batasuna ohiaren errepublika federatuetako bat izan zena. Mugak: mendebaldean, Itsaso Beltza; iparraldean, Errusia; ekialdean, Azerbaijan; eta hegoaldean Turkia eta Armenia. Georgiako mugen barruan, Itsaso Beltzaren ondoan, Abkhaziako eta Adjariako errepublika autonomoak daude, eta baita Hego Osetiako lurralde autonomoa ere. 69.700 km2 eta 4.730.841 biztanle (2008ko estimazioa, georgiarrak): % 70,1 georgiarrak, % 8,1 armeniarrak, % 6,3 errusiarrak, % 7,5 azerbaijandarrak, % 3,2 osetiarrak, % 2 abkhaziarrak, beste batzuk, % 5. Hiriburua, Tbilisi. Dirua: lari-a. Georgiako iparraldean Kaukaso Handiko mendikateak daude (Kazbek mendia, 5.047 m) eta hegoaldean Kaukaso Txikiko mendikateak. Lurraldearen heren bat basoa da. Georgia bi arro oso desberdinetan banatzen du Suram goi-ordekak (900 m). Mendebaleko Georgia emankorra da eta jende asko bizi da bertan; bertan dira Itsaso Beltza eta Rion (Kolkhis) ibaia; klima hezea eta beroa da hangoa. Ekialdeko Georgia barnealdekoa da; eremu zabal menditsua da, eta klima kontinentala du, lehorragoa; landareak estepako aldekoak dira. ■ Biztanleak. Georgiarrak dira errepublikako biztanle gehienak (% 70), eta emigrazioa ez da handia izan, sobietar aroaren amaiera arte behintzat. Georgiar nazioaren batasuna bertako berezitasunak (kulturalak nahiz hizkuntzazkoak) ezabatu gabe egin da; berezitasun horiek antzinako erreinu eta printzerrietan oinarritzen dira, eta oraindik ere badute eraginik bizitza politikoan. Horrela, georgiar talde desberdin asko dago, eta berez “georgiar” direnak errepublikaren erdialdean bizi dira. Hala, badira, besteren artean, turkieraz mintzatzen diren georgiarrak, erlijioz musulmanak (meshkhetak), Stalinek 1943-1944 urteetan Asiako erdialdera deportatu zituenak; haien “itzultzeko eskubidea” arazo bat da gaur georgiar biztanle eta agintarientzat. Biztanle gehienak georgiar ortodoxoak dira (% 75), baina badira errusiar ortodoxoak (% 10), musulmanak (% 11), armeniar apostolikoak (% 7), eta beste batzuk ere. Hizkuntza ofiziala georgiera da (% 71), baina garrantzitsuak dira halaber errusiera (% 9), armeniera (% 7) eta azeria (% 6). ■ Gainerako talde etniko edo nazioei dagokienez, batzuk aspalditik bizi dira lurralde honetan. Hala, abkhaziar herria, paleokauskasiarra, Erdi Aroan erreinu indartsua izandakoa, biztanle guztien % 2 baino ez da gaur egun (bere lurraldean ere gutxiengoa da, % 17), sobietar aroaren aurreko Errusiar konkistaren eta kolonizazioaren bortizkeriaren ondorioz, ikaragarriak izan baitziren orduan abkhaziarrek pairatu zituzten txikizioak eta deportazioak. Osetiarrak biztanle guztien % 3,2 dira, baina Hego Osetian % 70 dira. Gehienbat kristau ortodoxoak dira, eta hizkuntza indo-europarra erabiltzen dute. Hego Osetiak Ipar Osetiarekin elkartu nahiak (Ipar Osetia Errusiar Federazioaren baitan dago), oso gatazka gogorrak eragin ditu Georgian 1991z gero. Armeniarrak dira oraindik Georgiako gutxiengo nagusia (% 8,1). Oso aspalditik bizi dira hiriburuan eta kostaldeko hirietan, eta batez ere, Armeniako mugako lurraldeetan (hango biztanleen % 70-90 dira). Azerbaijandarrak ere (% 7,5) hegoaldean bizi dira gehienbat, eta errusiarrak (% 6,3), militarrak izanik asko, oso banatuak daude. Judu gehienak Israelera joan dira. Georgiar biztanleen proportzioa, oro har, handitu egin da mendearen hasieraz geroztik, eta aldi berean murriztu egin da gutxiengoena, nahiz eta gutxiengoen emakortasun tasa handiagoa den. ■ Georgiako urbanizazio tasa (% 58, 1995ean), Sobietar Batasun ohikoaren batez bestekoa baino apalagoa da, eta nekazaritzan oinarrituriko ekonomiaren adierazgarri da hori. Familiak oraindik handiak dira (4,7 kide batez beste), tradizio eta balio patriarkalak gordetzen dira (abegitsuak izatea, ohorearen zentzua, emakumeen bertutea, zaharrei zor zaien errespetua), ezkontza mistoak oso gutxi dira… horiek guztiak arkaismoaren eta modernotasunaren nahasketaren ondorio dira, kaukasiar gizarteen bereizgarria. ■ Ekonomia. Herri menditsua den arren, Georgiak abantaila handiak ditu, aldi berean gara daitezen nekazaritza, industria, turismoa eta merkataritza. Sobietar Batasunaren garaian, oso izen ona zuen gainerako errepubliken artean, beren Mediterraneoko fruituak eta barazkiak saltzera joaten zirenean Moskuko kolkhoz tristeetara. Bizi mailaren indizeak Sobietar Batasuneko garaienak zituzten. Gaur egun ordea, Sobietar Batasuna desagertu zenez gero. krisiak gogorren jo duen herrialdeetako bat da. Ekonomiaren sektore nagusi guztiak –nekazaritza espezializatua, elikagai industria, garraioak (kamioiak…), aeronautika militarra, mea eraldaketa, turismoa– geratu ziren kaltetuak, orduko trukeak hautsi izanaren, errusiar-sobietar merkatuaren galeraren, energia baliabideen eta lehengaien hornikuntzaren gorabeheren, sistema komunistaren desagertzearen eta Georgiako barneko krisi politiko eta etnikoen ondorioz. ■ Ekonomiaren erreforma, estatuak abian jarria eta Nazioarteko Diru Funtsaren laguntzaz, erritmo eta emaitza desberdinez ari da egiten, sektore eta eskualdeka. Ekonomia pribatuaren sobietar aroaren bukaeran hasi zen indartzen, baina 1992an pribatizazioa hasi zelarik, 1996. urtean lurren erdia baino ez zen pribatizatu. Nekazaritzaren emaitzak gora egin du, baina halere ez aski laboretan herrialdea beregain izan dadin. Nekazaritzaren hazkunde hori industriaren osotasunaren (nekazaritza-elikagaien industriarena izan ezik) krisiaren ondorio da segur aski. Lantegi handien pribatizazioa motel doa, erosle faltagatik askotan, nahiz eta atzerritar inbertsoreak erakartzeko politikagintza bultzatu den. Enpresa txiki eta ertainak, aldiz, ugaldu egin dira. Inbertsio ez produktiboak egiteko joerak, eta atzerrian erositako ondasunak eta zerbitzuak kontsumitzekoak (Turkiari batez ere, inportazioen % 25), auzitan jarri du nazio ekonomiaren berregituratzea, ekonomia hori gainera ez baitago Mendebaldeko merkatuetara egokitua, eta finantza baliabideen faltan baitago (nazio diru bat, laria, sortu zen 1995ean). 1992an Itsaso Beltzeko Ekonomia Lankidetzako Eremuko kide egin zen Georgia, Ankarak bultzatuta. “Kaukaso barneko korridorearen” europar egitasmoak, zenbaitentzat “zetaren bide” berria delarik, balio estrategikoa eman dio Georgiari Asia Erdialdeko sarbide gisa. Era berean, azpiegituak sendotzeko asmoa du georgiar gobernuak, Kaspiar Itsasoko petrolioaren esportazioan parte hartzeko, baina horrek arrisku egoeran jartzen du Georgiak errusiar interesei buruz: 1999an bigarren oliobide bat zabaldu zen Azerbaijandik (Bakutik), petrolio gordina Mendebaldeko Europara eramateko, Georgiako Soupsa portutik, Itsaso Beltzean (aurrekoa ere Bakutik ateratzen zen, baina Errusiatik igarotzen zen). Adjariaren garapena bestalde –georgiar eskualde honek muga bikoitza du, itsasokoa eta lehorrekoa, Turkiarekin–, susmo txarrez ikusten du Georgiako gobernuak, adjariarren separatismoa dela-eta. v Historia. Kaukaso hegoaldean bizi diren herriak K.a. VII. urtean iritsi bide ziren hara Mesopotamiatik ihesi. Hiru erreinu eratu ziren garai hartan: Kaket ekialdean, Kartili erdialdean, eta Kolkida mendebalean. Persiarren mende erori ondoren, Alexandro Handia jabetu zen Georgiaz. K.a. 65. urtean Ponpeiok herrialdea hartu eta Erromaren mende geratu ziren georgiarrak. Gero persiarren esku geratu ziren berriro. Kristautasuna IV. mende inguruan sartu zenean, elizak eta monasterioak eraiki ziren, eta horiekin batera literatura indartu zen. Azkenik arabiarrak VII. mendeko bigarren erdialdean sartu ziren Georgian. VIII. mende bukaeran eskualde batzuek askatasuna erdietsi zuten berriro, eta Bagrat III.ak (974-1014) batu zituen Georgiako ekialdea eta mendebala, Tbilisi hiria izan ezik. David III.a Eraikitzaileak (1089-1125) kendu zien hiri hura arabiarrei (1122). Thamar (1184-1213) erreginaren garaietan izan zen handiena Georgiaren indarra, Itsaso Beltzetik Kaspiar Itsasora eta Iparreko Kaukasotik Irango Azerbaijanera eta Erzerum-era zabaldu baitzuen. XI. mendetik XIII. mende erdia arte, Georgiako kultura asko indartu zen, batez ere arkitektura (Bagrat eliza, Kutaisi [XI. m.], Ghelatiko monasterioa) eta literatura aldetik (Rustaveli). Timur-i-Lang-ek (Tamerlan) xahutu zuen 1386. eta 1401. artean, eta Konstantinopla erori zenean (1453) mendebaleko kristau herritik urrun gelditu zelarik, turkiarrak eta persiarrak lurraldea hartzen saiatu ziren hiru gizaldiz elkarren lehian, eta azkenik persiarren babespeko lurralde bilakatu zen (1736). v 1783an Errusiaren laguntza eskatu zuen, eta 1801ean haren mende geratu zen. Nekazaritza eraberritzeak eta esklabotasuna debekatzeak ez zuen hobekuntzarik ekarri lurraldera eta, hala, 1893an alderdi sozial-demokrata sortu zen ezkutuan, Stalin buru zuelarik. 1917ko Iraultzan, mentxebikeen kontrolpean egon zen Georgiak burujabetasuna deklaratu zuen (1918), eta Alemaniaren babespean jarri zen. 1921. urtean berriro Errusiari lotu zitzaion Transkaukasiako parte gisa; 1936ko abenduan, ordea, Transkaukasiatik banatu zen eta errepublika sozialista izan zen. 1989tik aurrera matxinada nazionalistak gertatu ziren, eta Zviad Gamsajurdiak Georgiaren burujabetasuna deklaratu zuen 1991n. 1991. urteko abenduan Sobietar Batasunetik banatu zenetik, gatazka etnikoak eta zibilak ugariak izan ziren independentziaren lehen urteetan, eta 1994. urtea arte ez zen hasi herrialdea egonkortzen. Hego Osetiako arazoa baretu samarra egon da 1994ko udaberriaz geroztik, baina Georgia mendebaldean istiluak ez dira baretu abkhaziar indarren eta georgiarren artean. Errusiar bakegileak daude eskualde batean zein bestean, eta NBEko batzorde begirale bat dago Abkhazian. Gatazka horiek direla-eta, Georgiak oraindik 250.000 bat lagun ditu herrialdearen barnean bere jaioterritik alde eginak. 1995ean, konstituzio berri bat onartu zen, eta presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren, aski libreak eta egiazkoak. 1996an, ekonomia berrikuntzak bideratzeko, eta Legebitzarra profesionalagoa egiteko, egitarau zorrotz bat jarri zuen gobernuak abian. Bortizkeria eta krimen antolatua errotik moztu ziren 1995ean eta 1996an, baina ustelkeria handia da oraindik ere. Hainbat urrats egin du Georgiak azken urteotan Errusiarekiko mendekotasuna gutxiagotzeko, besteak beste, kosta zaintzeko itsasontziak erosi ditu 1997an, Itsaso Beltzean errusiar itsasontzien ordez haiek ezartzeko. 1998an, Errusiarekin izenpeturiko hitzarmen baten ondorioz, Itsaso Beltzeko bere kosta partearen kontrola hartu zuen Georgiak bere gain, eta Turkiarekiko lehorreko mugaren erdiaren kontrola. 1997tik aurrera, Georgiako Legebiltzarra gero eta gogorrago agertu da Errusiako militarrek georgiar lurraldean duten presentziaren kontra. 1998. urtean, Shevardnadze presidentearen kontrako eraso bat izan zen, aurreko lehendakari Gamsakhurdiaren aldekoek egina. 1999an Abjaziako parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen, baina Tblisik ez zuen onartu. 2001ean Georgiak eta Abjaziak ez erasotzeko hitzarmena izenpetu bazuten ere, liskar handiak sortu ziren. 2003ko parlamenturako hauteskundeetan Shevardnadzeren alderdiak irabazi zuen, baina milaka lagunek zalantzan jarri zuten garaipen hura eta manifestazio handiak izan ziren kaleetan. Azkenik, Gorte Gorenak balio gabe utzi zituen hauteskunde haiek, eta oposizioko hainbat alderdi elkartu egin ziren Mikhail Saakashvili hautagaitzaren (Alderdi Nazionala) alde egiteko. 2004an Saakashvilik lehendakaritzarako hauteskundeak (%96tik gora) eta baita parlamenturako hauteskundeak ere. Hego Osetian ere hauteskundeak egin ziren urte horretan, baina Tbilisik ez zituen onartu, eta Hego Osetiaren eta Tblisiren arteko borrokak larritu egin ziren. Errusiarekiko harremanek ere okerrera egin zuten, eta Saakashvilik Estatu Independenteek Elkartea utzi eta Europar Batasunera hurbilduko zela iragarri zuen; Moskuk ehunka georgiar atxilotu eta deportatu izana salatu zuen Georgiak. 2008an Osetiako separatisten eta Georgiako gudarostearen arteko borrokak sortu ziren, eta gerra piztu zen Georgiaren eta Errusia, Osetia eta Abjaziako separatisten artean. Georgiako armada Hego Osetiara abiatu zen eta Tskhinvali bonbardatu zuen (Hego Osetia); “genozidioa” salatu zuen Errusiak Georgiaren kontra. Urte horretan bertan, Europar Batasunak behatzaile zibilak bidaltzea erabaki zuen, bake akordio bat lortzeko xedez. Gatazka horiek gorabehera, Saakachvilik lehendakaritzarako hauteskundeak irabazi zituen 2008an.
http://www.government.gov.ge/index.php?lang_id=ENG&sec_id=1