Georges Pompidou artegune eta kulturagunea
Parisko kulturagunea, 1977. urtean Georges Pompidou Frantziako Errepublikako presidentearen ekimenez eraikia. Parisko Les Halles auzoan dago kokaturik. Eraikina altzairu eta kristalezkoa da, eta Richard Rogers eta Renzo Piano arkitektoek egin zuten. Barruan, Arte Modernoaren Museo Nazionala, IRCAM (Institut de Recherche et de Coordination Acoustique/Musique) zinemateka, liburutegi garrantzitsu bat eta industria diseinuei buruzko gune bat biltzen ditu. Arte Modernoaren Museoak XX. mendeko higikunde garrantzitsuenetako obrak ditu jasoak: alde batetik, Henri Matisse, André Derain eta fauvismoaren beste margolari batzuen lanak ikus daitezke; bestetik, kubisten artean, Pablo Picasso eta Georges Braqueren lanak batez ere; surrealismoko pintore ugariren koadroez gainera, Alberto Giacometti, Fernand Léger, Marc Chagall, Chaïm Soutine eta Constantin Brancusi margolarienak ere ikusgai daude, eta azkenaldian Nicolas de Staël, Jean Dubuffet eta Franz Klineren obrak jaso dituzte bilduman, Jackson Pollock, Andy Warhol eta Robert Rauschenberg artista abstraktu eta espresionista estatubatuarren lanekin batera. Bestalde, Pierre Boulezek sortu zuen IRCAM zinemateka, eta bertako auditorioan gaur egungo autoreen musika entzuten da batez ere.
- Jurgi VIa
- George, Zelma Watson
- Jurgi Ia
- Jurgi IIa
- Georges Podiebrad
- Georges Pompidou artegune eta kulturagunea
- Georgetown
- georgetowndar
- Georgia, Hegoaldekoak
- Georgia
- Georgia