gelukpa
(Eusk. “Bertute eredu”; “Kapela Horiko sekta” deitua). Tibeteko budisten ordena nagusia eta Dalai eta Pan-txem lamen sekta. Tsong-kha-pa-k sortu zuen XIV. mendean. Gelukpa sektak arau estuak ezarri zituen monasterioetan: ezkontzea debekatu egin zen, baita edari biziak edan eta haragia jatea ere, eta ikasketa bereziak eginarazten zitzaizkien fraideei; Tibeten nagusi ziren ohiturekiko begirunea gordetzeagatik aztikeriazko errituak neurriz erabiltzea libre utzi zuten. Hiru monasterio eraiki ziren, Lhasa inguruan: Dga´ldan (1416), Bras-spungs (1416) eta Se-ra (1419). 1578. urtean Dalai-Lama izendatu zuten lehenbizikoz Bras-spungs monasterioko abadea, eta haren ondotik Karma-pa sektaren aurkako guduak izan ziren Tibeteko buruzagitza lortzeko. Gelukpak herria gobernatzen jarraitu zuen, Dalai-Lamaren bitartekaritzaz, Txina komunistak 1950. urtean Tibeteko herria bere mende hartu zuen arte. 1959. urtean, Lhasa hirian izan zen matxinadan, Dalai-Lamak Indiara egin zuen ihes. Txinatarrek buru jarri zuten Pan-txem Lamak Tibetetik Txinara alde egin zuen 1964. urtean. Kapela Horia izena zeremonietan erabiltzen duten kapelaren koloreagatik ematen zaio sektari, eta karma-pa sektatik bereizteko, fraide hauek kapela gorriak erabiltzen baitituzte.