Gell-Mann, Murray
Estatubatuar fisikaria (New York, 1929). Yaleko Unibertsitatean eta Massachusettsko Teknologia Institutuan egin zituen ikasketak. 1951n fisikako doktoregoa lortu zuen. 1955ean, Kaliforniako Teknologia Institutuko fisikako katedra eskuratu zuen. 1969an Fisikako Nobel saria irabazi zuen, partikula azpiatomikoak eta haien arteko ekintzak sailkatzen egindako lanarengatik. 50eko hamarraldian, fisikariek materiaren oinarrizko osagarrietako asko aurkitu zituzten, baina ez ordea haiek sailkatzeko modua; 1953an, Gell-Mannek arrarotasun kontzeptua proposatu zuen, partikula azpiatomiko batzuk ez direla uste zen bezain arin desegiten azaltzeko, eta 1961ean, partikula horiek familiatan sailkatzeko modu bat ere proposatu zuen. Aldi berean, Israelgo fisikari batek, Yuval Ne'eman, ideia berbera izan zuen. Teoria erabiliz, Gell-Mannek omega-minus oinarrizko partikularen existentzia iragarri zuen; 1964an, Brookhaven National Laboratoryko zientzialariek aurkitu zuten partikula hura.