Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gelon

Gelako eta Sirakusako tiranoa (K.a. 540 - 478). Hipokrates tiranoaren garaian, Gelako zalduneriaren buru izan zen, eta haren ondorengoa K.a. 491. urtean. Sirakusako lurjabe handiek deiturik, hiri hura hartu zuen (K.a. 485), eta bertara eraman zituen Gelako biztanle gehienak. Kartagotarrek eraso ziotenean, Himeran menderatu zituen (K.a. 480), elezaharrak dioenez grekoek persiarrak Salaminan garaitu zituzten egun berean. Gelonen garaian, Sirakusa asko handitu eta edertu zen. Hieron anaia izan zen haren ondorengoa.