Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gea

Mit. (edo Gaia, edo Ge) Lurraren pertsonifikazioa Hesiodoren kosmogonian, jainkoen eta munstroen ama. Kaosen ondoren eta Eros baino lehenago sortua da; arrekin harremanik izan gabe Uranos (ortzia), Mendiak eta Pontos (itsasoa) sortu zituen. Uranosekin bateraturik, Titanak eta Titanidak, Ziklopeak, Hekatonkirak sortu zituen. Uranosek bere haurrak sabelean gordetzera behartzen du Gea, edo bestela Tartarora botatzen ditu. Kronosek, Titanen arteko azkenak, bere amarengandik igitai bat harturik, barrabilak moztu zizkion aitari. Uranosen odolak Gea ernaldu zuen, eta honek Eriniak, Erraldoiak eta oihanetako Ninfak sortu zituen. Beste seme batekin, Pontosekin, izandako harremanetatik itsasoko jainkoak sortu ziren, eta horien artean Nerea. Tartarorekin izandako harremanetatik Tifon eta Ejidna jaio ziren. Beste teogonia batzuek Anteo erraldoia, Piton herensugea eta beste munstro batzuk sortu izana leporatzen diote.